Uholdeak jasan ditu berriz herriak ereiaroaren 17an

Franck DOLOSOR 2010eko ekainaren 23a

Utzitako argazkiak

Ereiaroaren 17an uholdeak gertatu ziren Urdazuri aldean. Luberriako urtegiak bere lana egin zuen Nafarroatik zetorren ura atxikiz. Uraren maila usaian baino sei metra gorago zen urtegian. Dena den, Amezpetu bezalako errekek indar haundia hartu zuten eta tokika gainezka egin zuten. Kalte materialak bertzerik ez ziren gertatu, eta gainerat aitzineko urteetan baino ttikiagoak. Halere, urak osoki estali zituen elizako parkea, errugbi zelaia eta Olaso etxeen aparkalekua, hau da, beti urak errexki hartzen dituen eremuak. Su-hiltzaileek eta Herriko Etxeko langileek lan haundia izan zuten dena arrimatzeko. 1983 eta 2007ko uholdeetan, jadanik kalteak jasan zituzten herritarrek egun txarra izan zuten eta udatiar batzuek herritik alde egin zuten ez baitzituzten opor guziak euripean pasatu nahi. Itsas beherarekin uraren maila apaldu zen garbiketa lan haundia utziz.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun