Jeanine Sein serorari Frantziako ohorezko medaila eman dio justizia ministroak

Franck DOLOSOR 2010eko ekainaren 23a

Justizia ministroa ohorezko saria ematen Jeanine Seini. Franck DOLOSOR

Afrikan egin duen lana eskertzeko eman diote

Jeanine serora senpertarrari Frantzian den ohorezko ikurrik haundiena eman diote Amozko Blankartegian ereiaroaren 5ean. Michèle Alliot Marie justizia ministroak sari hau eman dio 37 urtez Afrikan, Bolikostan, egin duen lana eskertzeko. Jeanine Seinek 70 urte bete ditu aurten eta mende erdia badu serora egin zela.
Erizain, irakasle, presoen bisitari, burutik eri direnen zaindari... denetik egin izan du Afrikan. Baita hango mintzaira ikasi ere hobeki integratzeko! Ahoz aho laster hedatu zen behartsuen artean eta laguntzaile paregabea izan zuten, lehenik Nielle herrian eta geroago Korogon. Medaila ematearen bestan, Jeanine Seinek bihotzetik eskertu ditu sari emaileak; herritarrak, urteetan ematen diote laguntzagatik; bere anaia Grégoire etxegintzan aritua, ospitale bat Afrikan altxatzen lagundu baitu eta Alliot Marie bera, defentsa ministroa zelarik Frantziako soldaduek laguntza eman baitzioten Bolikostan kalapitak gertatu zirelarik.
Jeaninek oroitarazi zuen serora sartu zela Marie Jeanne Arribillaga irakasleak gogoa eman baitzion. Eliza andereak gogoan izan zuen Xabi Camino Togorat gana den amoztar gaztea. Bere erranetan, «gazteriari on egiten zaio munduan barna ibiltzea eta behartsuak laguntzea».
Sari ematearen eta Amozko kaperan ospatu zen mezaren ondotik, kasik 200 lagunek elgarrekin afaldu zuten Blankartegian.

 

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun