Nafarroako Mendialdean lanpostuak sortzea Cederna Garalur elkartearen lehentasunetako bat dela berretsi du elkarteak. Eta bide horretan, eskualdearen aktore ekonomiko garrantzitsuenak diren enpresa eta etorkizuneko enpresariekin lanean ari dela adierazi du. Mendialdea turismorako erakargarria dela iritzita, turismo alorra hobetzeko egitasmoak dituzte esku artean. Horien artean, Europako Zaldi Ostatuen Sarea. Zaldiaren inguruan sortu den proiektu berritzailea da eta aitorpen turistiko berria emanen lioke eskualdeari. Iaz landutako bertze proiektuetako bat, Bilera-Turismoa da, azpiegitura publikoen erabilera espezializatua laguntzeko sortua. Cybersudoe proiektua ere Cederna Garalurren egitasmoetako bat da. 2009tik ari da honekin, eta teknologia berrien bidez enpresa ttiki eta ertainen lehiakortasuna hobetzea du helburu. Gisa berean, laster enpresen atari bat ere eginen da. Eta hemen, enpresa ttiki eta ertainek informazioa eta esperientziak elkartrukatzeko aukera izanen dute. Garapen jasagarriaren alde ere segitzen du Cedernak.