Eguraldia ez hain ona, baina giroa ezin hobea. Horrela joan zen Erreka Elkartearen Eguna. Elbrusera Errekako mendizaleek egindako igoeraren proiekzioarekin hasi ziren ekitaldiak, eta ondotik egin zen mus txapelketan, berriz, Libo eta Fermin nagusitu ziren, finalean Iban eta Alfredori irabazita. Baina ekitaldi gehienak larunbaterako utziak ziren. Egun osoan hainbat kirol ekitaldi izan ziren, eskubaloia eta judoaren inguruan beti ere. Interes handia piztu zuten partidak hainbat izan ziren, eta horien artean, jubenil mailako mutikoek garai bateko jokalarien kontra jokatu zutena. Azken hauek garbi erakutsi zuten eskubaloian aritzea ez zaiela atzendu. Halere, ikusminik handiena, Errekako senior taldeak izarren konbinatuaren kontra jokatutako partidak sortu zuen. Izarren artean, Niko Mindegia eta Ibai Meoki herritarrak izan ziren, baina baita Chavarri eta Capón atepean, Muiña, David Rodriguez, Agirrezabala anaiak, Julen Lopez, Tajadura, Eloy Gonzalez, Crowley edo Borragan. Lehia estua izan zuten eta azkenean izarrak nagusitu ziren, 37-38. Dantza taldeak ere emanaldi polita eskaini zuen eta gero sariak zozketatu ziren. Euriak ere Santa Luzia plazako afarian bildu ziren 200 lagunei bisita egin zien, baina ez zuen jendea mugiarazi. Omenaldien txandan, entrenatzaileei esker ona erakusteaz gain, Dolores Urrozi omenaldia eskaini zitzaion, lore-sorta, oroigarria eta Erreka elkartearen eskudoa zeraman mandarra oparituz. Txomin Mindegiak aurkezpenean erran zuenez, «seguru aski Errekaren historian gehien merezitako omenaldia».