Eguraldiak lagundu ez bazuen ere, jende aunitz hurbildu zen Gasna Feria Egunean. Gasna lehiaketan 15 parte-hartzaile izan ziren eta epaimahaiaren ustez, 12 izan ziren «onak». Irabazle suertatu zena, berriz, aspaldiko urte hauetako onena: Intzeko Bordako Josetxo Ariztegirena. Bigarren saria Baztangoa markako Joxe Mari Iriarteren gaztak lortu zuen eta hirugarrena Arantzako Margari Madariagak. Herrikoei dagokienez, Ariztegik eraman zuen lehen saria ere eta bigarrena Bekozubiko Juana Mari Arburuak.
Bazkarian ehun lagun baino gehiago bildu ziren eta Altxatako juntako Axun Maiak erran duenez, artisauak ere kontent gelditu ziren. Bertzalde, Etxalarko xoko eta jendeak erretratuetan liburu eta DVDaren salmentak ere arrakasta izan zuen. Edurne Elizagoien egileetako batek adierazi duenez, 200 ale baino gehiago saldu ziren. Hemendik aitzinera herriko dendetan salgai egonen da.