Nafarroako Herri Kirol Federazioak antolatzen duen Iparraldeko Joku Torneoaren bigarren jardunaldia jokatu zen larunbatean Betelun. Koxkor biltzen, lehen jardunaldian Patxi Irazoki Fernando Etxegarai baino azkarrago ibili baitzen, bigarrenean Nafarroa eta Euskal Herriko txapeldun den beratarra gailendu zen, 6 minutu eta 30 segundutan. Bigarren postua, bi segundu eskasera, Berriozarko Eder Goldarazena izan zen, eta lau segundura Patxi Irazoki izan zen hirugarren. Berriozarko Iñaki Ekisoainek 6 minutu eta 55 segundu behar izan zituen. Anizko Unai Iantzik ezin izan zuen parte hartu bigarren jardunaldian.
Ingude altxatzen, berriz ere Joakin Aioroa iturendarra nagusitu zen, 66 jasoaldirekin; Xabi Seinek 65 egin zituen eta Carlos Seinek 61.
Harrijasotzen, 125 kiloko zilindoarekin bakarrik aritu ziren, gero euriak gainerako harriak busto zituelako. Josetxo Urrutiak 12 jasoaldi eman zizkion (1.500 kilo) eta Xabier Igoak eta Etxalarko Xabier Ariztegik hamekana (1.375 kilo).
Lasto altxatzen, lehen jardunaldian bezala, berdintasun handia izan zen igantziarren artean, baina oraingoan Xabi Sein nagusitu zitzaion Iñaki Bereauri. Biek hamekana altxaldi egin zituzten, baina hamabigarrena 2 segundu eta 68 zentesimatan egin zuen Seinek eta 3 segundu eta 72 zentesimatan Bereauk. Carlos Seinek, berriz, 91 zentesima eskas izan zituen hamekagarren altxaldia egiteko.
Zakulari lasterketan Berriozar B nagusitu zitzaion Berriozar A taldeari. Txinga eramaten, Berriozarko Imanol Martinek 351,35 metro egon zituen (12 plaza terdi pasatxo) eta Josetxo Urrutia leitzarrak 276,50 metro (10 plaza eskas).
Iparraldeko Joku Torneoaren hirugarren eta azken jardunaldia heldu den igandean, ekainaren 27an, eguerdiko 12:30etik aitzinera jokatuko da Orbaizetan.