Ikastetxeetako euskarazko lehiaketen hainbat sari etorri dira eskualdera

TTIPI TTAPA 2010eko ekainaren 22a

Nafarroako Jauregiko Tronu Aretoan banatu ziren sariak ekainaren 4an. Utzitako argazkiak

Olerkia, narratiba, etnografia, deklamazioan eta bertso idatzietan eman dira sariak

Nafarroako ikastetxeetako 2009-2010 ikasturteko euskarazko lehiaketen sariak eman zituen ekainaren 4an Nafarroako Gobernuko Hezkuntza kontseilariak, Alberto Catalanek, Nafarroako Jauregiko Tronu Aretoan. Aurtengoa lehiaketaren 21. edizioa izan da eta guztira 27 sari eman zituzten modalitate hauetan: olerkian sei, narratiban bertze sei, bertso idatzian hamabi eta deklamazioan, irrati gidoian eta podcastean, hau da, Pedro Diez de Ulzurrun lehiaketan, hiru. Jose Maria Satrustegi etnografia lehiaketan ez zuten saririk eman.
Lehiaketetan guztira 1.556 lan aurkeztu ziren eta horietatik hainbat eskualdeko ikastetxeetatik bidalitakoak izan ziren. Aipatu, halaber, eman ziren 27 sarietatik 15 eskualdera etorri zirela.

BERTSOPAPER LEHIAKETA
Bertsopaper lehiaketan, Lehen Hezkuntzako bigarren zikloan, Baztan Ikastolako Oier Ariztegi Elizondok lortu zuen lehen saria eta Berako Rikardo Baroja ikastetxe publikoko Oier Larretxea Agirrek bigarrena.
Hirugarren zikloan, lehenbiziko saria Lesakako Tantirumairu Ikastolako Paulo Ramos Zumaldek jaso zuen, bigarrena Leitzako Erleta eskolako Joanes Illarregi Marzolek eta hirugarrena ikastetxe bereko Beñat Altzelai Kanflankak.
DBHko lehen zikloan ere hiru sariak inguruko ikasleentzat izan ziren: lehenbizikoa Goizuetako Andres Narbarte Xalto ikastetxeko Ainhoa Zabaleta Iribarrenentzat, bigarrena Doneztebeko Mendaur Institutuko Beatriz Maritorena Ganboarentzat eta hirugarrena Berako Toki Ona Institutuko Xabat Matxikote Sein igantziarrarentzat.
DBHko bigarren zikloan, bigarren saria Berako Toki Ona institutuko Ainara Etxabide Sagarzazu lesakarrak eskuratu zuen.

LITERATURA
Literatura lehiaketan, poesia arloan, Lehen Hezkuntzako hirugarren zikloko lehenbiziko bi sariak Lesakako Irain Ikastetxe publikoko ikasleentzat izan ziren: lehenbizikoa Javier Elizalde Benitezentzat eta bigarrena Laura Prieto Garmendiarentzat.
DBHko lehen zikloko lehen saria, Berako Toki Ona Institutuko Naiara Martin Goia lesakarrak eskuratu zuen.

NARRATIBA

Narratiba arloan, DBHko lehen zikloko lehenbiziko saria Berako  Labiaga Ikastolako Jaione Telletxea Mendigutxia lesakarrarentzat izan zen eta bigarren saria, berriz, Arantzako Eskolako Mikel Oteiza Almandozentzat.

IRAKURKETA ETA DEKLAMAZIOA
Irakurketa eta deklamazio lehiaketan, azkenik, Lehen Hezkuntzako bigarren zikloan, Leitzako Erleta ikastetxe publikoko 20 ikaslek osatutako Kuxkuxero taldearentzat izan zen lehen saria.
Sarituek diploma, trofeoa eta bonoak hartu zituzten ekainaren 4ko ekitaldian –125 eta 200 euro artekoa narratiban, olerkian eta bertso idatzian; eta 500 eurokoa deklamazioan, lanak taldeko egiten dituztelako– eta DVD bat ere bai, saritutako obrekin.
Ekitaldian, kontseilariaz gain, Antolamendu, Kalitate eta Berrikuntzako zuzendari nagusia, Teresa Aranaz Jimenez, eta Euskarabideako zuzendari kudeatzailea, Xabier Azanza Arbizu izan ziren.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun