45 entitatek lortu dute Bai Euskarari Ziurtagiria Malerrekan, lehen banaketa ekitaldian

TTIPI TTAPA 2010eko ekainaren 23a

Ekainaren 18an eman ziren ziurtagiriak Donezteben

2009ko urte akabailan jarri zen abian Malerrekan Euskaraz bai dinamika, eskualdean euskararen normalizazioa modu partehartzailean bizkortzeko. Ordutik hona, Bai Euskarari Ziurtagiria ezagutzera ematen eta eskualdeko zenbait establezimendu eta elkarte bisitatzen aritu dira. Lan eskerga horren ondorio dira ekainaren 18an Donezteben banatu diren 45 Ziurtagiriak. Izan ere, Malerrekako 45 entitatek eskuratu dute guztira Bai Euskarari Ziurtagiria, lehen banaketa ekitaldian, eta horietatik 44 berriak dira. Ziurtagiria eskuratu duten 45 entitateetatik 10ek “Zerbitzua euskaraz” maila eskuratu dute, eta gainerako 35ek “Euskararen bidean” maila.

 

Euskaraz Bai dinamika 2009ko urrian abiatu zen Malerrekan

Malerrekako euskalgintzak urte batzuk badaramatza eskualdean euskararen erabilera bultzatzen: “Baina pausu bat haratago emateko ordua ailegatu zela ohartu ginen, horregatik jarri genuen martxan Euskaraz bai dinamika 2009ko urrian”, azaldu zuen Joseba Indabere Malerrekako euskalgintzaren ordezkariak. Eta gaineratu zuen, ortziralekoa egun pozgarria izan zela Bai Euskarari Ziurtagiriarekin posible izanen delako Malerrekan euskarazko zerbitzuak eskuratzea: “Lantokietan, dendetan, elkarteetan, etabarretan euskara erabiltzeko bidea emanen diguzue hemendik aitzinera 45 ziurtagiridunek.” Eta horregatik eskerrona adierazi zien Bai Euskarari Ziurtagiria eskuratu duten Malerrekako entitate guztiei eta herritarrei ere dei egin die euskara erabil dezaten euren egunerokoan: “Ez dugu ahantzi behar guk, herritar zein bezero gisa, euskararen aldeko apustuari eutsi behar diogula. Euskaraz bizitzeko jarrera gure egin eta indartuz gero, euskararen normalizaziotik hurbilago izanen gara. Horixe da bidea”.

 

Rober Gutiérrez Ziurtagiriaren Elkartearen zuzendariak, deus baino lehen, zoriondu egin zituen Bai Euskarari Ziurtagiria lortu zuten Malerrekako 45 entitateak eta ongi-etorria eman zien. “45 Ziurtagiri banatu ditugu gaurkoan eta kopurua garrantzitsua da, eta benetan pozgarria. Baina are garrantzitsuagoa da horren atzetik dagoen lana: egunez egun ematen dituzuen urratsak, lortzen dituzuen helburuak eta zuen konpromisoaren bitartez egunerokoan eragiten duzuena”, gaineratu zuen. Eta Bai Euskarari Ziurtagiria lortu duten entitateak egiten ari diren aldaketak zerrendatu zituen segidan: euskara ikasi, errotuluak euskaratu, webguneetan euskara erabili, bezeroak euskaraz hartu, komunikazio publikoetan euskaraz hitz egin, euskaraz dauden programa informatikoak erabili, hornitzaileei euskaraz lan egiteko eskatu, produktuen etiketak euskaratu...

 

Bai Euskarazi Ziurtagiriak 10 urte

Bai Euskarari Ziurtagiriak 10 urte bete berri ditu eta urteurrena gogoan izan zuen Gutiérrezek. Izan ere, 2000. urteko ekainaren 13an egin zen Bai Euskarari Ziurtagirien lehendabiziko banaketa ekitaldia eta sektore guztietako 231 entitatek eskuratu zuten Ziurtagiria. Orduz geroztik ibilbide luzea egin da eta dagoeneko 1.500 enpresa, saltoki eta era guztietako entitatek baino gehiagok eskuratu dute Bai Euskarari Ziurtagiria eta 40.000 langile baino gehiago dira Bai Euskarari Ziurtagiriaren eraginpean lanean ari direnak. Gutiérrezen erranetan, orain dela hamar urteko irizpide berarekin jarraitu behar da indarrak batuz eta biderkatuz:  “Adorea eta baliabide egokiak ezinbestekoak ditugu aurrera egin eta helmugara sasoi betean iristeko. Baina gure maratoi hau berezia da. Entitate bakoitza bere irteera puntutik abiatzen da: batzuek egina dute jada normalizazioaren aldeko apustu erabatekoa; beste batzuk berriz, hasiberriak dira honetan. Baina horrek orain ez dio gehiegi axola. Ibilbide honetan bakoitza dagoen tokitik abiatu eta guztioi aurrerapauso bat ematea dagokigu”.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun