Ekainaren 18an arrantzatu zuen Jose Mari Gainza beratarrak denboraldi honetako hogeigarren izokina Bidasoan eta honenbertzez, sasoiari akabaila eman zaio. Araudiak zioenez, denboraldiak uztailaren 18ra arte edo hogeigarren izokina arrantzatu arte iraunen zuen eta, azken hau gertatu denez, hemendik aitzinera ez da Bidasoan izokinak arrantzatzea libre izanen.
Maiatzaren 1ean, denboraldia ireki zen goiz berean arrantzatu zuen Lehenbizikoa Oronoz-Mugairiko Martin Apezetxeak, 5,600 kilo eta 78 zentimetro luzera zuen izokina.
Berako Jose Mari Gainzak atera zuen hogeigarrena ekainaren 18an, 2,400 kilo eta 60 zentimetro luzerako alea.
Tartean, handiena Juan Ramon Lopezek atera zuen maiatzaren 31n, Bidasoan bertan jaiotako 7 kilo terdiko eta 88 zentimetro terdi luzerako izokina.
Arrantzaleen artean, bik bakarrik lortu dute izokin bat baino gehiago arrantzatzea denboraldi honetan. Ernesto Gaintza beratarrak ekainaren 3an eta 15ean izokin bana arrantzatu zuen eta Adolfo Marcok ekainaren 4an eta 10ean.
Arrantzaleek penatuak utzi dituzte kainaberak, iaz baino izokin dexente gehiago baitabil Bidasoan. Gogoratu behar da iaz hamar izokin arrantzatuta itxi zela denboraldia.