Sorginaren Egunaren hirugarren edizioa arrakastatsua izan zen Zugarramurdin

TTIPI TTAPA 2010eko ekainaren 23a

Giro ederra izan zen larunbatean Zugarramurdin. TTIPI TTAPA

Bi mila lagun baino gehiago hurbildu ziren ikuskizunetan parte hartzera

Ekainaren 19an, larunbatean. hirugarren edizioa bete zuen Zugarramuriko Sorginaren Egunak eta egun osoan animazio handia izan zen Zugarramurdiko karriketan.

Besta 11:00etan abiatu zen, karrikan egin zen ekitaldiarekin. Ordu berean, Argazki Rallyaren erakusketaren inaugurazioa egin zen Sorginen Museoan eta I. Haur Ipuin eta Marrazki lehiaketaren sari banaketa ere egin zen. Mikel Azurmendik sorginkeriaren judizializazioaren inguruko solasaldia eskaini zuen eta Laguardiako dantzariek ere ikuskizuna eskaini zuten plazan.

 Arratsaldez, XIV. - XVIII. mendeko Euskal Herriko sorginkeriaren historiaz aritu zen Beñat Zintzo Garmendia Sorginen Museoan.

Lezean, galdutako Sorginei deitzeko errituala antzeztu zuen Kataluniako “Els Bruixots dels Pirineu” taldeak eta Ambrose Goikoetxeak “1610eko Logroñoko Fedeautoa: gizartea, ekonomia eta zuzenbidean garrantzia gaur egun” hitzaldia eman zuen gaztelaniaz Sorginen Museoan.

Joxelu Berasategin zuzentzen duen herriko antzerki taldeak “Sorginen haizeak” antzeslana eskaini zuen plazan. 25 helduk eta 9 haurrek osatu zuten taldea eta eskerrak eman zizkieten Patxi Labordari, gidoia prestatzen laguntzeagatik, Baztango dantzariei, Etxenikeko Malen-i, Haitzetxeari eta Urdazubiko Udalari.

Arrats partean,  Oskorri taldeak kontzertua eskaini zuen eta dantzatzeko aukera ere izan zen lezean, Baztango Dantzariekin batera.  Oskorrik, Iztuetak argitaratutako partituretan oinarritutako Gipuzkoako dantza zaharren berreskuratzean datzan lan berria aurkeztu zuen eta mila lagun baino gehiago bildu ziren lezean. Herritarrek egindako “Akelarrea” ere antzeztu zuten Lezean.

22:00etan  “Sugarren erdin: sasi guzien gainetik eta laino guzien azpitik”  ikus-entzunezko eta dantza ikuskizuna eskaini zuenlezean Alter Zinema faktoriak, Inkisiziorik izan ez balitz gaur egungo akelarreak izanen liratekeenaren bertsio garaikidea.

Egun osoan, eskulangileen merkatua eta tarota ere izan zen karriketan barna eta Argazki Rallyaren erakusketa Sorginen Museoan. Denera, 2.000 lagun baino gehiago ibili ziren Zugarramurdi inguruan.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun