Doneztebeko Erreka pilota eskolako hirugarren buruz buruko txapelketaren finalak jokatu ziren ekainaren 11n, ortziral arratsaldean Doneztebeko udal pilotalekuan.
Lehenik, aurrebenjamin B mailan, Ander Arozenak 18 eta 13 irabazi zion Ander Ruiz-i; Aurrebenjamin A mailan, Urko Oiartzabalek 18 eta 11 irabazi zion Pello Sein-i; hirugarren mailako benjaminetan, Ruben Saldiasek 18 eta 12 irabazi zion David Mitxeori, partida berdindu baten ondotik; bigarren mailako benjaminetan, Jon Zabalak 18 eta 16 irabazi zion Aimar Zestauri. Zestau txapeldun izana zen aitzineko bi urteetan, baina lehen partehartzea zuen Zabalaren kontra galdu zuen, partida bikain baten ondotik; lehen mailako benjaminetan, Ibai Erasunek 18 eta 7 irabazi zion Ioritz Zelaietari; alebinetan, Julen Saldiasek 18 eta 12 Julen Larretxeari; infantiletan, Aritz Fagoaga iturendarrak 18 eta 17 irabazi zion Iker Salaberria goizuetarrari . Partida bikaina jokatu zuten biek, kontuan hartuz Aritz lehen urteko infantila dela eta Iker, 10 urterekin, oraindik lehen urteko alebina! Goizuetakoa 10-3 galtzen joan zen, baina buelta eman eta 15-17 irabazten jarri zen, baina ez zuen azken tantua egiten asmatu. Ikusleek txalo zaparrada batekin agurtu zituen bi pilotariak.
Kadete mailan, Ibai Juanenak 18 eta 16 irabzi zion Ugaitz Elizalderi, emozioz betetako partida berdindu batean eta jubeniletan, Mikel Maiak 18 eta 10 irabazi zion Irail Zestauri. Lesakarrak frexko jo zuen bi eskuekin eta ongi aritu zen Zestauri gailendu zitzaion.
Finalen ondotik sari banaketa egin zen eta irabazleek txapela eta azpitxapeldunek kopa izan zuten, baita oroigarriak partehartzaile guziendako ere. Oinatz Bengoetxea eta Iñaki Eskudero pilotari profesionalak izan ziren, Big Mat Menditxuriko Arantxa Ezkurra, Doneztebeko Udaleko Miguel San Miguel alkatea eta Avelino Mitxeo zinegotzia, Juan Telletxea Errekako presidentea eta Nafarroako Kutxako Javier Almandozekin batera.
Gainera, magra bat zozketatu zen eta berendua eskaini zuen Erreka elkarteak. Antolaketan, Doneztebeko Udala, Reyno de Navarra, Nafarroako Kutxa, Big Mat Menditxuri, Ostiz, Lur, Nafarroako Pilota Federazioa, Diario de Noticias eta Kaikuren babesa izan du Erreka elkarteak.