Hirugarren edizioa beteko duen Sorginaren Eguneko gauean, lezean eginen diren ekitaldiek erakargarri berezia izanen dute. Ekainaren 19an, 20:00etan, Oskorrik, Iztuetak argitaratutako partituretan oinarritutako Gipuzkoako dantza zaharren berreskuratzean datzan lan berria aurkeztuko du. Ondotik, Zugarramurdiko herritarrek bere Akelarrea aurkeztuko dute. Finitzeko, Alter Zinema faktoriak “Sugarren erdin: sasi guztien gainetik eta laino guztien azpitik” aurkeztuko du, Inkisizioa izan ez balitz gaur egungo akelarreak izango liratekeenaren bertsio garaikidea.
Ikuskizun hauetan parte hartzeko sarrerak 14 eurotan daude (14 urtetik behitikoek doan). Zugarramurdiko Sorginen Museoan eskuratzen ahal dira asteazkenetik ortziralera 11:00tatik 18:30era eta asteburuetan, 11:00tatik 19:00tara. Nafarroako Aurrezki Kutxako kutxazainetan, www.entradas.com edo www.ruralvia.com/navarra web orrien bidez eta 902 58 50 22 telefono zenbakira deituz ere eskuratzen ahal dira.
Sarrerak Interneten bidez eta telefonoz erosten dituztenek, banaketarako egokituak dauden Rural Kutxako kutxazainetan eskuratu beharko dituzte nahitaez.
Bertzalde, Sorginaren Eguneko antolatzaileek, Akelarre Elkarteak, Sorginen Museoak eta Zugarramurdiko Udalak, txartelen online salmentaren atzerapenarengatik erabiltzaileei barkamena eskatu nahi izan diete. “Hemendik antzina arazo gehiago ez izatea eta denek Logroñoko Fede autoaren laugarren mendeurrena ospatzeko gogoz prestatzen ari garen egun honetaz gozatzea espero dugu” diote bere idatzian.