Berako Zig-Zag Trial taldeak laugarren aldiz antolatutako trial proba eginen da larunbat honetan, ekainaren 12an Berako Ibardin inguruan, 15:30etik aitzinera. Proba Zona Norte txapelketarako baliagarria izanen da aurtengoan. Izan ere, Berakoa Nafarroako Trial probarik onena izendatu zuten iaz eta honela, aurten, garrantzi handiagokoa izanen da. Asturias, Kantabria, Euskadi, Aragoi, Errioxa eta Nafarroako Federazioko motor gidariak espero dituzte larunbatean, baita Iparraldekoak ere. Horien artean “izarra” Espainiako txapeldun den Miguel Angel Jimenez errioxarra izanen da. “Berekin ikuskizuna segurtatua dago” dio Aitor Irazoki, Berako Zig-Zag Trial taldeko kideak. Joan den urtean 80 motor gidari izan ziren Berako proban eta aurten ere bertze horrenbertze espero dituzte. Proban zazpi eremu ezberdin izanen dira eta hiru itzuli eginen dira. Puntuagarria den probaren ondotik, erakustaldi modura binakako karrerak ere eginen dira eta segidan sari banaketa eta luntxa.
Auto triala Donezteben
Autoen harat-honatak nahiago dituztenek, berriz, Donezteben izanen dute hitzordua. Hirugarren urtez segidan, 4x4 autoen triala eginen da Pitti eskabazioak, Zoansa eta Arincar-Sampi Aragonek antolatuta. Larunbat honetan eginen da, 15:00etatik 20:00etara Aparan industrialdean.
Dena den, izen-ematea 11:00etatik 13:00etara egin beharko da.
Trialaren ondotik, 20:00etan sari banaketa eginen da eta 22:00etan Santamaria jatetxean afaria izanen da. Joan nahi duenak Titi Ostatuan eman beharko du izena. Bestarekin segitzeko, 00:30etik 06:00etara gaupasa izanen da Santa Luzia plazan.