Iberiar penintsulan ezagutzen diren zazpi okil motak Bertizko Natur Parkean daude

Amaia eta Ainhoa 2010ko eka. 10a, 10:52

Desagertzeko arriskuan dauden bi espezietako okilak ere ikusi dituzte Bertizen. TTIPI TTAPA

Hala eman da ezagutzera parkea kudeatzen duen patronatuaren bileran

Iberiar penintsulan ezagutzen diren zazpi okil motak Bertizko Natur Parkean topa daitezken eta gainera, zazpiak batera biltzen dituen eremu bakarra da Bertizkoa. Honela jakinarazi zuen Nafarroako Gobernuko ingurumen departamentuak, asteartean Bertizko natur parkea kudeatzen duen patronatuaren bilera baten ondotik. Hegazti honen zazpi motak bertan biltzeak, Bertizko oihanaren osasunaren erakusgarri dela adierazi dute Ingurumen Departamentutik.

Nafarroan desagertzeko arriskuan dauden bi motetako okilak ere topatu dira Bertizen. Okil ertaineko hamabortz bikote badaude guttienez eta bular zuriko okilari dagokionez, estatu osoan dauden 68 bikoteetatik bik Bertizen daukate kabia.  Okil beltza ere espezie zaurgarria izendatua dago eta Bertizen guttienez bortz bikote zenbatu dira.

Okilen inguruko jakingarri hauek eman ziren Bertizko Natur Parkeko patronatuaren bileran, baina gehiago ere izan ziren. Aurten 625.000 euroko aurrekontua izanen dute parkean eta inbertsioaren zati bat, instalazioak berotzeko erregai modura biomasa erabiliko duen bigarren kaldera bat erosten joanen da. Modu berean, Natur Parkean Q ziurtagiria berritzeko lanean ari direla ere jakinarazi zitzaion Patronatuari.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun