Nafarroako ikastetxeetako 2009-2010 ikasturteko euskarazko lehiaketen sariak eman zituen ekainaren 4an Nafarroako Gobernuko Hezkuntza kontseilariak, Alberto Catalanek, Nafarroako Jauregiko tronu aretoan. Ekitaldian, kontseilariaz gain, Antolamendu, Kalitate eta Berrikuntzako zuzendari nagusia, Teresa Aranaz Jimenez, eta Euskarabideako zuzendari gerentea, Xabier Azanza Arbizu izan ziren, saridunekin batera.
Aurtengoa 21. edizioa da eta 27 sari eman dituzte, modalitate hauetan: olerkian 6, narratiban beste 6, bertso idatzian 12 eta deklamazioan, irrati gidoian eta podcastean, hau da, Pedro Diez de Ulzurrun lehiaketan, hiru. Jose Maria Satrustegi etnografia lehiaketan ez dute saririk eman. Sarituei eman dizkiete diploma, trofeoa, bonoa (125 eta 200 euro artekoa narratiban, olerkian eta bertso idatzian; eta 500 eurokoa deklamazioan, lanak taldeko egiten dituztelako) eta DVD bat, saritutako obrekin. Lehiaketetan guztira 1.556 lan aurkeztu dituzte: 108 narratiban, 65 olerkian, 1.363 bertso idatzian, eta taldeko 19 grabazio deklamazio, irrati gidoi eta podcast modalitatean. Lehiaketen helburua da sormena eta adierazpena sustatzea eta ikastetxeei ikasleen hizkuntza gaitasuna aberasteko egunero egiten duten ahaleginean laguntzea.
Eskualdeko saridunak
Bertsopaper lehiaketan, LHko bigarren zikloan, Baztan ikastolako Oier Ariztegi Elizondok lortu zuen lehen saira eta Berako Rikardo Baroja ikastetxe publikoko Oier Larretxea Agirrek bigarren saria. LHko hirugarren zikloan, lehen saria Lesakako Tantirumairu ikastolako Paulo Ramos Zumaldek jaso zuen, bigarrena Leitzako Erleta eskolako Joanes Ilarregi Marzolek eta hirugarrena ikastetxe bereko Beñat Altzelai Kanflankak. DBHko lehen zikloan ere hiru sariak eskualdeko ikasleentzat izan dira: lehenbizikoa Goizuetako Andres Narbarte “Xalto” ikastetxeko Ainhoa Zabaleta Iribarrenentzat, bigarrena Doneztebeko Mendaur institutuko Beatriz Maritorena Ganboarentzat eta hirugarrena Berako Toki Ona institutuko Xabat Matxikote Sein igantziarrarentzat. DBHko bigarren zikloan, bigarren saria Berako Toki Ona institutuko Ainara Etxabide Sagarzazu lesakarrarentzat izan da.
Literatura lehiaketan, poesia arloan, LHko hirugarren zikloko lehen bi sariak Lesakako Irain ikastetxe publikoko ikasleentzat izan dira: lehenbizikoa Javier Elizalde Benitezentzat eta bigarrena Laura Prieto Garmendiarentzat. DBHko lehen zikloko lehen saria, Berako Toki Ona institutuko Naiara Martin Goiarentzat izan da.
Narratiba arloan, DBHko lehen zikloko lehen saria Labiaga ikastolako Jaione Telletxea Mendigutxia lesakarrarentzat izan da eta bigarren saria Arantzako eskolako Mikel Oteiza Almandozentzat.
Irakurketa eta deklamazio lehiaketan, azkenik, LHko bigarren zikloan, Leitzako Erleta ikastetxe publikoko 20 ikaslek osatzen duten Kuxkuxero taldearentzat izan da. Prosan, Inazio Barunen ateraldiak eta poesian familiari buruzko irakurketak egin zituzten.