Berako motor eta Doneztebeko auto trialak eginen dira larunbat honetan

TTIPI TTAPA 2010eko ekainaren 8a

Trial Zigzag Bera taldeak antolatuta, laugarren aldiz eginen da Ibardingo motor triala. Fermin ETXEKOLONEA

15:00etan hasiko da Doneztebekoa eta 15:30ean Berakoa

Trialak gustuko dituztenek aukera ezinhobeak izanen dituzte larunbat honetan, ekainak 12, Beran eta Donezteben.
Alde batetik, motorra nahiago dutenentzat IV. Trial Zigzag triala eginen da Beran, Ibardinen. 15:30ean hasita, zazpi eremu markatuko dituzte, eta motor-gidari bakoitzak hiru itzuli osatu beharko ditu.

Ibardingoa, Zona Norte deritzon txapelketarako baliagarria izanen da, eta bertzeak bertze, Asturias, Kantabria, Bizkaia, Gipuzkoa, Errioxa, Aragoi eta Nafarroako federazioek hartuko dute parte. Baita Espainiako TR2 txapelduna den Miguel Angel Jimenez errioxarrak ere. Iparraldeko gidariak ere izanen dira.
Triala bukatutakoan, binakako txapelketa eginen da, eta ondotik sari banaketa eta luntxa.

Auto triala Donezteben
Autoen harat-honatak nahiago dituztenek, berriz, Donezteben izanen dute hitzordua. Hirugarren urtez segidan, 4x4 autoen triala eginen da Pitti eskabazioak, Zoansa eta Arincar-Sampi Aragonek antolatuta. Larunbat honetan eginen da, 15:00etatik 20:00etara Aparan industrialdean.
Dena den, izen-ematea 11:00etatik 13:00etara egin beharko da.
Trialaren ondotik, 20:00etan sari banaketa eginen da eta 22:00etan Santamaria jatetxean afaria izanen da. Joan nahi duenak Titi Ostatuan eman beharko du izena. Bestarekin segitzeko, 00:30etik 06:00etara gaupasa izanen da Santa Luzia plazan.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun