Herriko saltzaileak eta ostalerrak bezala, hautetsiak ere uda prestatzen ari dira. Herriko kontseiluko azken bilkuran udako langileen kopurua finkatu zuten. Aitzineko urteetan bezala, ez da bainu zaindaririk hartuko aintzira zaintzeko SDIS departamenduko suhiltzaileak arduratuko baitira hortaz. Herriak 20 000 euro ordaintzen ditu urtean zerbitzu hori segurtatua izan dadin. Haatik, ur kirol gunean animatzaile laguntzaile bat hartuko da. Orotarat, 12 gazte enplegatuko dituzte pedaloez eta xirrixtaz arduratzeko, sei uztailean eta bertze sei abuztuan. Herriko zerbitzu teknikoak ere indartuak izanen dira sei gazte ariko baitira sail hortan. Aisialdi zentroan, udako 13 langile hartuko ditu aurten Herriko Etxeak.