Herritar gutxik jakingo dute Ezkurrako moja honen historia, santu famarekin hil zen 20 urteko gaztearena, alegia. 1916ko abenduaren 24an jaio zen Amokonean, eta Cristobal Mariezkurrena –mendietako kontratista– eta Justa Hernandorenaren seme-alaba zaharrena zen. Escolastica, Ventura, Miguel Mari –jaio eta zortzi hilabeterara hil zen–, Maria Soledad, Conceso, Juana, Camila eta Josefa izan ziren bere senideak.
15 urterekin erabaki zuen moja sartzea eta Vicalvaro (Madril) komentuan sartu zen 1933ko maiatzaren 2an. Magisteritzako titulurik eduki ez arren, prestakuntza ona zuela-eta, gela baten ardura eman zioten kolegioan. 1935ean Bartzelonako Maria Inmaculada kolegiora bidali zuten, magisteritza ikasketak egin eta klaseak aldi berean emateko.
Osasunak okerrera
Bartzelonako bere egonaldiak, ordea, bere bizitza laburra baldintzatu zuen. 1936ko uztailaren 18an Kataluniako iraultzaileak bere bizitokiaz jabetu ziren. Taldeko burua gaztearekin tematu zen eta Delfina berarekin eramaten saiatu zen. Ezezkoa eman arren, egoitzan egon ziren denboran berarekin joateko eskatu zion behin eta berriz. Hainbestekoa izan zen neska gaztearen beldurra, gaixotu egin zela. Azkenean, iraultzaileek kolegioa uzteko agindu zieten, eta nahi zuten tokira joateko bizitzera.
Emakume batek bere etxebizitza eskaini zien eta hantxe gelditu ziren. Baina eztul indartsuak eta sukar altuak gogor astindu zuten Delfinita. Ez zitzaion sukarra 39tik jaisten eta medikura eraman behar izan zuten. Medikuak gaixotasun hura kolegioan igarotako egun gogorren ondorioa zela esan zion. Bere kideek laster hobera egingo zuela esaten omen zioten, baina berak gazterik hilko zela erantzuten omen zuen.
1937ko urtarrilaren 16an Marsellara joan zen, eta handik Miramas herrira, eta toki lasai hartan zertxobait hobera egin zuen bere egoerak.
Gurasoei bidalitako gutun batean bere argazkia bidali zien, pasaportea egiteko egin behar izan baitzuen Bartzelonan.
Baina osasun-egoerak okerrera egin zuenean, Briansongo (Alpeak) erietxean ingresatu zuten, eta laster hilko zela pentsatuz, ohar hau idatzi zuen: «Ama maitea, igandean nire bila etor daitekeela esaten dute. Gora Jesus».
Hesteetako ondoezak oinaze handiak sortzen omen zizkioten, baina aldi berean, berak bakea eta erlijioa ekartzea nahi omen zuen, gerra krudel batean baitzegoen orduan estatu espainiarra.
Azkenean, 1937ko urriaren 29an hil zen, goizaldeko lauretan. Abenduaren 24an 21 urte beteko zituen.
Ama Nagusiak gaztearen amari gutun bat bidali zion, bere bizitza honela laburbilduz: «andre hori, zure alabak oso oroitzapen goxoa eta onautzi du inguruan, hurbiltzen zitzaiona edozein zela ere, bere bertutearekin maitemindua gelditzen zen, eta denek santutzat hartu dugu, eta bere bizitzari eta heriotzari inbidia diogu».
Eta orain, berriz, Delfinaren beatifikazioa egin nahian dabiltza hainbat lagun. Biografoaren arabera, bizitu zen toki guztietan eredugarria izan zelako. Izaera alai eta gaztea zuen, eta sekula ere ez zen kexatu, oztopoak eduki arren. Gauza guztietan eta denei laguntzeko prest egoten zen.