Mariezkurrena kamioi gidariak ongi hasi du Europako txapelketa

TTIPI TTAPA 2010eko ekainaren 8a

Utzitako argazkiak

Europako kamioi lasterketen denboraldi berriari ekin dio Javier Mariezkurrenaren  Truck Navarra Competicion taldeak eta emaitza onekin bueltatu zen maiatzaren 22-23ko asteburuan Italiako Misanon egindako karreretatik. Larunbatarekin, puntuak lortzeko lehen karreran, hamargarren postua lortu zuen, denboraldiko lehen puntua eskuratuz. Bigarren karrera gazi-gozoa izan zen. Izan ere, pistan olioa zegoela eta, karrera bertan behera utzi zuten epaileek. Albiste txarra Mariezkurrenarentzat, olioa saihestu eta seigarren postuan baitzen, zazpigarrenari alde handia ateraz. Igandeko sailkapen probetan, polerako hamargarren postua eskuratu zuen. Igandeko lehen karreran, laisterketa burutik bi segundu eta erdira ibili zen eta hamargarren postu hori mantendu zuen, bertze puntu bat eskuratuz. Asteburuko laugarren eta azken saioan, hamargarren postua mantendu zuen, laisterketa burutik bi segundora denborak mantenduz. Karrera erditsuan bederatzigarren postua hartu zuen eta horri eutsi zion bukaera arte, bi puntu lortuz. Lau puntu haiekin, Europako txapelketan hamargarren postuan jarri zen Mariezkurrena eta Truck Navarra taldea, Sponsor’s Challenge sailkapeneko buruan dago. Lasterketako bigarren proba Albaceten jokatzekoa zuen joan den asteburuan.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun