XXXII. Herri Krosa eginen da ekainaren 27an herriko karriketan

TTIPI TTAPA 2010eko ekainaren 8a

Adinaren arabera, ibilbide desberdina egin beharko dute

San Pedro besten aitzineko asteburuan, ekainaren 27an, Herri Krosa eginen da Erreka Kirol Elkarteak antolatuta. XXXII. edizioa izanen da aurtengoa, baina aipatzekoa da bereziki azken hiru urteotan parte-hartze haundia lortu duela, 180 korrikalari izatera ere ailegatua baita.
Adinaren arabera, kategoriatan banatuko dira korrikalariak eta horren arabera, ibilbide desberdina egin beharko dute: Aurrebenjaminek eta benjaminek 200 metro egin beharko dituzte; alebinek 500 metro; infantilek kilometro bat; jubenilek eta emakumezko seniorrek lau kilometro eta gizonezko seniorrek eta beteranoek, azkenik, zortzi kilometro.
Gaztetxoenak, aurrebenjaminak, benjaminak, alebinak eta infantilak 10:30ean abiatuko dira, eta jubenilak, seniorrak eta beteranoak, berriz, 11:30ean.

Izen ematea eta sariak
Izena emateko bi modu daude: egunean berean, bortz euro ordainduta, edo aitzinetik www.herrikrossa.com web orrian lau euro ordainduta. Dena den, jubenilek eta hortik goitiko kategoriek baino ez dute ordaindu beharko, gaztetxoenentzat dohainik izanen delako.
Sariei dagokienean, gizonezkoetan, lehenak 150 euro hartuko ditu; bigarrenak 90 euro; hirugarrenak 60 euro; laugarrenak 45 euro; bortzgarrenak 30 euro eta seigarrenak bertzelako saria hartuko du.
Emakumezkoetan, aldiz, lehenbiziko sailkatuak 75 euro irabaziko ditu; bigarrenak 45 euro; hirugarrenak 30 euro eta laugarrenaretzat bertze zerbait izanen da.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun