Hasi dira mobilizazioak. Hala, N-121A errepidetik herrirako bidegurutzeari irtenbide duina emateko eskatuz errepidea itxi zuten ekainaren 3an 200 bat bizilagunek, Pako Errandonea alkatea eta udal zinegotziak buru zirela. Bertze herri batzuetako udal ordezkariak eta Aitor Etxarri, NaBaiko parlamentaria ere bertan izan ziren.
Sunbilla, sarrera duin batzuen alde eta 5 hildako, zein da ordaindu beharreko bidesaria? zioten pankarta banaren gibelean ibili ziren. Irun aldeko norabidea itxi zuten lehenik eta Iruña alderakoa ondotik. Nafarroako Gobernuak ez zuelako osorik ixteko baimenik eman, eta kargu publikoek inhabilitazioa ere jaso zezaketelako.
Alkateak gogorarazi zuenez, Herrilan Departamentutik proposatzen diren irtenbideak ez dira batere egokiak: «Irun alderakoa orain dagoen bezala geldituko da eta Iruña alderakoa, 900.000 euro eta milioi baten artean gostako da eta erdian esperatzeko karril bat bertzerik ez da izanen. Hori kasik orain dagoena baino arriskutsuago iruditzen zaigu eta guk behetik edo gainetik pasabidea eskatzen dugu. Zerbait egin behar bada, ongi eta betirako zerbait egitea eskatzen dugu».
Gobernuak herritarren proposamenerako leku nahikorik ez dagoela erantzun omen du, baina alkatearen arabera, «ingeniarien bidez frogatu dugu hori ez dela egia; tokia badago, baina borondatea falta da eta garestiagoa da». Aitzinera begira, hilabetero mobilizazioekin segituko dute.