Arrakasta handiz joan da auzolanetako lehen deialdia

TTIPI TTAPA 2010eko ekainaren 7a

Herritarrak hainbat lanetan aritu ziren maiatzaren 29an. Utzitako argazkiak

Espero baino parte hartze handiagoa izan du

Udalak auzolanetarako proposatutako lehenbiziko eguna arrakasta handiz joan zen maiatzaren 29an. Ehun lagun baino gehiagok parte hartu zuten. Dena den, baserri-auzoetan herrian baino gehiago aritu ziren lanean.
Karrikan bizi diren hainbat bidexka garbitu eta bide zaharrak berreskuratzen aritu zen. Eta herrian egindako lanen artean aipagarrienak hauek izan ziren: paretak garbitu, bankuak, frontoiko marrak eta herrian barna dauden barandak pintatu, informazio-panelen egurrezko etxolak garbitu, igerilekuko belarra moztu...
Baserri-auzoetan auzolanetarako ohitura hau ez dago galdua, urtero euren bideak garbitzen baituzte baserritarrek eta oraingoan ere berdin egin zuten. Patxiku Irisarrik erran duenez, aitzinetik, jende aunitzek idatziz eskatua zuen zer lan egin nahi zuen eta alkateak aipatu du kasu gehienetan jendea taldeka bildu zela lan hauek egiteko.
Espero zena baino herritar gehiagok hartu zuen parte eta Udala kontent agertu da emaitzarekin. Baina hurrengo deialdia, abuztuaren 7koa, auzolanetan arrakastatsuena izanen dela espero du; aspaldiko ohitura baitzen herriko besten aitzinetik auzolanak egitea.
Bertzalde, aipatu, lehenbiziko auzolan egun honek bere alde iluna ere izan zuela, lanean ari zirenean mutil bat motozerrarekin zauritua izan baitzen, baina zorionez ez zen larria izan.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun