Arlo publikoan deitutako grebak segida haundia izan du eskualdean

Amaia eta Ainhoa 2010eko ekainaren 7a

Kontzentrazioa egin zuten arlo publikoko langileek Berako Herriko Etxeko Plazan. TTIPI TTAPA

Bortzirietan eta Leitzaldean udalak itxiak egon ziren

LAB, ELA, ESK eta STEE-EILAS sindikatuek maiatzaren 25erako arlo publikoan deitutako greba deialdiak arrakasta izan zuen eskualdean.
Bortzirietako udal zerbitzuak geldirik izan ziren, baita Doneztebekoak ere eta Baztanen %50 gelditu zen. Mankomunitateei dagokienez, Bortzirietako Oinarrizko Gizarte Zerbitzuen Mankomunitatean guttieneko zerbitzuak bete zituzten, atentzioa behar duten zaharrak artatzeko. Hiri-Hondakinen Mankomunitatea eta Malerreka eta Bortzirietako Euskara Mankomunitateak ere geldirik egon ziren. Leitzaldeko Udalak eta mankomunitateak ere geldirik egon ziren.
Ikastetxe publikoei dagokienez, Berako Ricardo Baroja ikastetxean langileen %50ak greba egin zuen eta bertze erdia lanean aritu zen, baina soldata gizarte zerbitzuei bideratzeko. Berako Toki-Ona Institutuan grebak %60ko jarraipena izan zuen, Etxalarko Landagain ikastetxe publikoan bezala. Lesakako Irain eskolan %70eko jarraipena izan zuen eta Arantza eta Igantziko eskoletan ere jarraipen haundia. Baztan eta Malerrekako eskoletan, banaz bertze %50-%60ko jarraipena izan zuen.
Grebarekin batera,  kontzentrazioa egin zen Berako Herriko Etxeko Plazan. Administrazioan murrizketarik ez! zioen pankartaren gibelean 30-40 bat lagun bildu ziren.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun