Ioar Tainta lesakarra nagusitu da Nafarroako Eskolarteko txapelketan

TTIPI TTAPA 2010eko ekainaren 7a

Eskolarteko finalistak, Bittor Elizagoien, Julen Zelaieta eta Manolo Arozenarekin. TTIPI TTAPA

Amaia Elizagoien eta biak ariko dira Euskal Herriko txapelketan

Ioar Tainta bertsolari lesakarra nagusitu zen maiatzaren 28an Berako Kultur Etxean jokatu zen Nafarroako Eskolarteko Bertsolari txapelketaren finalean, 14 eta 18 urte bitarteko kategorian. Bigarren postua Oronoz-Mugairiko Amaia Elizagoienentzat izan zen eta biek lortu zuten Euskal Herriko txapelketako finalean kantatzeko eskubidea.
Hamar bertsolari aritu ziren lehian Bertsozale Elkarteak antolatutako txapelketan: Iruñeko Eider Azkoaga, Irati Majuelo eta Haizea Beruete; Iturengo Egoitz Gorosterrazu; Oronoz-Mugairiko Amaia Elizagoien; Berako Patxi Castillo; Sunbillako Irati Arrieta eta Lesakako Ioar Tainta, Josu Sanjurjo eta Mikel Telletxea.
Lehen fasean denak aritu ziren eta bigarrengorako sei gelditu ziren: Sanjurjo, Tainta, Elizagoien, Gorosterrazu, Azkoaga eta Majuelo. Bigarren fase honetan, Tainta nabarmendu zen eta Elizagoienek ere ale ederrak utzi zituen. Txapeldun eta txapeldunorde izan ziren eta honenbertzez, Euskal Herriko txapelketan ariko dira  Aguraingo Arrese aretoan ekainaren 19an. 14 urtetik beheitiko gaztetxoek 11:00etan izanen dute saioa eta 14-18 urte artekoek 15:30ean.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun