«Klausuran bizi gara, baina ez hodeietan edo Mundutik aparte»

Aitor AROTZENA 2010eko ekainaren 7a

Olatz Garmendia azpeitiarra, Donamariko komentuko Ama Nagusia da. Aitor AROTZENA

40 urte daramazki Olatz Garmendia azpeitiarrak Donamariako karmeldarren komentuan bizitzen. Apirilaren 20an mende erdia bete zuten mojek Donamarian eta ospakizun handia egin zuten maiatzaren 15 eta 16ko asteburuan, kontzertuarekin eta herri bazkariarekin. Aitzaki horrekin, beraien bizimoduaren eta urte hauetan izan diren aldaketen berri eman digu gaur egun Ama Nagusia denak. Donamariarrekin «harreman oso ona» dutela erran digu, baina kanpoko jendeak «gero eta guttiago ezagutzen gaitu».

BIZIMODU BEREZIA
«Gazteenak 33 urte ditu eta zaharrenak 84. Duela urte batzuk giro osoa erlijioak hartua zuen eta errazagoa zen moja sartzea. Gaurkoa beste mundu bat da eta gure bizitza oso berezia da, ez da mundu guziak egin dezakeena. Halere, komentu barruan ere gauzak aldatu egin dira eta askoz gehiago ateratzen gara,irekiagoak gara»

Komentuak 50 urte Donamarian eta zuk 40 urte… Gauzak aunitz aldatu al dira denbora honetan?
Asko aldatu dira. Ni etorri nintzenean lehengo usadio zahar batzuk hartu nituen, baina gero Kontzilioarekin aldatu ziren gauzak. Pozik hartu genituen berrikuntzak, nahiz eta berez komunitatea besteak baino irekiagoa den. Heziketaz eta formakuntzaz arduratzen den komunitatea da eta horrek asko laguntzen du gaur eguneko mundura egokitzeko. Gu klausuran bizi gara, baina ez mundutik aparte. Batzuek uste dute kartzelan gaudela edo lainoetan, eta ez dakigula deus kanpoan zer gertatzen den, eta ez da horrelakorik. Gure bizitza Jainkoarentzat, Elizarentzat eta gizartearentzat ere bada. Gainontzean antzua izango litzateke. Ni etorri nintzenean bi barrote harrapatu nituen, berehala bat kendu zuten eta geroztik desagertu egin dira. Janzteko ere toka bat izaten genuen, dena estaliak, lurrera arteko arropa… eta hori aldatu egin da.
Elkarbizitzak garrantzi handia du zuen egunerokoan…
Santa Teresak garrantzia ematen zion elkarbizitzari. Pertsona sozialak gara eta behar dugu harreman hori, elkarren tratu hori, gainontzean lau pareten artean itxiak… Horregatik, egunaren antolaketan, eguerdian eta arratsean elkarrekin egoteko eta solasteko ordubete izaten dugu. Oreka bat behar da.
Lana ere zuen bizimoduko beste zutabea da. Somatzen al da krisia komentu barrenean?
Enkuadernazio lanekin segitzen dugu, baina egia da lana gutxitu egin dela. Krisia izan daiteke alde batetik, baina gaur egun Internetetik jasotzen du jendeak material guzia. Gauzak hain azkar doaz! Gaur zerbait asmatzen baduzu, bihar beste norbaitek zerbait berriagoa sortuko du eta alde horretatik, eguneratzeko Internetek azkartasun hori ematen du. Halere, nahikoa dugu daukagun lanarekin. Iruñeko denda batendako jostun lana ere egiten dugu, gortinak, maindireak, baina orain ez dugu bordaturik egiten: gazteek ez dakite eta zaharrek bixta galdu dute. Garai batean, Doneztebeko palioa egin genuen, oso dotorea, Gorputz Egunean eguraldi ona denean ateratzen omen dute. Beste aldetik, oilo batzuk baditugu. Arrautzak etxerako izaten ditugu, baina soberan gelditzen direnak saldu ere egiten ditugu. Amuarrainekin segitzen dugu, bertan jateko, sagarrak, udareak, pikuak, gereziak txoriak jaten dituzte gehien bat, urrak, intxaurrak… Gure bizitza xumea da eta bizitzeko adina ateratzen dugu.
Eta beste zutabea: otoitza…
Egunean 5-6 ordu otoitzean ematen dugu. 06:30ean esnatu eta 07:00etan otoitza izaten dugu, gorespenak, gero meza, 09:00etan gosaldu eta 13:00 arte lana. Eta arratsaldeko bezperak, 18:30ean, kantatu egiten dugu otoitza. Goizean eta arratsaldean ordubeteko otoitza egiten du norberak, elizan, baratzean, gelan, nahi duen tokian… Otoitz irakurriak ere izaten ditugu, santuen irakurgaiak…
Kanpoko jendearentzat bazkariak ematen dituzue eta lotarako ostatua ere baduzue…
Hori otoitzera etorri nahi duenarentzat aukera da, hau ez baita hotela. Hausnarketarako, lasaitasunean egoteko, gogoeta egin eta otoitzera etorri nahi duenarentzako aukera da.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun