Doneztebeko Erreka Elkartearen Eguneko ekitaldietan hainbat lagunek parte hartu zuten aste hondarrean.
Ortziral arratsean, Elbrusera Errekako mendizaleek egindako igoeraren proiekzioa eskaini zuten zineman. Gero, pintxo jatea izan zen Kasinoan indarrak berritzeko. Mus txapelketan, berriz, Libo eta Fermin nagusitu ziren, finalean Iban eta Alfredori irabazita.
Baina ekitaldi gehienak larunbaterako utziak ziren. Egun osoan hainbat kirol ekitaldi izan ziren. Goizean, alebin mailako neska eta mutikoek jokatu zuten. Gero, infantil mailako neskek elkarren kontra jokatu zuten eta mutikoek Txantrearen kontra. Judo eskolakoek erakustaldia eskaini zuten goiza akitzeko. Arratsaldean, jubenil neskak eta jokalari ohiak beraien artean partida bat jokatu zuten eta Leire eta Pabloren konbinatua Haizea eta Iñigorenari gailendu zitzaion.
Interes handia piztu zuen partida etorri zen ondotik, jubenil mailako mutikoek garai bateko jokalarien kontra jokatu zutena. Azken hauek garbi erakutsi zuten eskubaloian aritzea ez zaiela atzendu.
Halere, ikusminik handiena, Errekako senior taldeak izarren konbinatuaren kontra jokatutako partidak sortu zuen. Izarren artean, Niko Mindegia eta Ibai Meoki herritarrak izan genituen, baina baita, Chavarri eta Capón atepean, Muiña, David Rodriguez, Agirrezabala anaiak, Julen Lopez, Tajadura, Eloy Gonzalez, Crowley edo Borragan. Lehia estua izan zuten eta azkenean “izarrak” nagusitu ziren, 37-38.
Dantza taldeak ere emanaldi polita eskaini zuen eta gero sariak zozketatu ziren.
Egun osoan eguraldi ederra izan bazen ere, arrats partean goibeldu eta Santa Luzia plazako afaria hasi orduko euria hasi zuen. Halere, 200 lagunek aurre egin zioten euriari. Segidan gelditu egin zen euria eta ez zuen lortu afaria zapuztea. Gero, omenaldien txandan berriz ere euria hasi zuen. Halere, eskubaloi taldeek denboraldian zehar beraien entrenatzaile izandakoei esker ona erakutsi zieten. Gero, Dolores Urroz Lizasoain-i egin zitzaion omenaldia, lore-xorta, oroigarria eta Erreka elkartearen eskudoa zeraman mandarra oparituz. Txomin Mindegiak aurkezpenean erran zuenez, “seguru aski Errekaren historian gehien merezitako omenaldia”. Izan ere, Juan Telletxea presidentearen amak, urteetan lan gandia egin du muxutruk elkartearen alde.