Intzekobordako Josetxo Ariztegik irabazi zuen Etxalarko XVIII. Gasna Lehiaketa

TTIPI TTAPA 2010eko ekainaren 9a

Etxalarko Gasna Feria Egunean gasna, musika eta eskulangileak izan ziren beti bezala. Aurtengo berrikuntza, Aitor AROTZENA

Gasna eta Artisau Feriak jendetza bildu zuen eta Edurne Elizagoienen eta Maite Irisarrik egindako liburuak eta DVDak ere arrakasta izan zuen

Altxata elkarteak hemezortzigarren urtez antolatutako gasna eta artisauen feria eguna ospatu zen igandean Etxalarren.  Goizetik hasita, taloak prestatzen hasi ziren frontoian eta sormen tailerrean ere aritu ziren ttikienak, margotzen, birziklatutako paperarekin karterak sortzen edo tatuaiak jartzen, Jone Bizente eta Leire Aletxaren ardurapean.

Frontoian eskulangileak ere biltzen hasi ziren, eta horiekin batera, jendea ere hurbiltzen hasi zen, euri langarraz babestu bidenabarkoan. Lehiaketara Baztan, Malerreka eta Bortzirietako hamabortz gasna aurkeztu ziren eta horien dastatze lanean hasi ziren epaimahaiko kideak: Patxiku Irisarri alkatea, Iñaki Pikabea, Manolo Arozena, Maria Oneca, Maria Ortigosa eta Aurora Irigoien. Gasna erdiak izan zituzten dastatzeko eta bertze erdiak zozketarako jarri ziren, euro bateko txarteletan.

Plaza ingurua girotzeko, trikitilari eta perkusio taldeko haur eta gaztetxoek emanaldia eskaini zuten.

Igandeko bertze ikusgarria , Mariskineko Bordako Edurne Elizagoienek eta Gosostako Maite Irisarrik egin duten “Etxalarko xoko eta jendeak erretratuetan” liburua eta DVDa izan zen. Biak, liburu dotorea eta DVDa, 8 eurotan eskuratzen ahal ziren eta gutti ziren atzo eskuetan aleren bat ez zutenak. “Ongi saltzen ari da eta jendeari begiak pizten zaizkio argazki zaharrak ikusterakoan”, zioten egileek.  “Argazkiak galdu egiten dira bertzela, eta hau modu polita da oroigarri hauek betirako mantentzko” gaineratu zuten.

Ordubiak pasatu zirenean, gasna lehiaketako epaimahaiaren  erabakia jakinarazi zen plazan. Lehen saria, 120 eurokoa, Etxalarko Intzekobordako Josetxo Ariztegik eskuratu zuen; bigarren saria, 90 euri, Arizkungo Baztangoa gasnategiko Joxe Mari Iriartek eta hirugarren saria, 75 euro, Arantzako Serorenbordako Margari Madariagak.

Herrikoei dagokienez, noski, 50 euroko lehen saria, berriz ere Josetxo Ariztegik eraan zuen Intzekobordara eta bigarrena, 30 euro, Bekozubiko Juana Mari Arburuarentzat izan zen.

Sari banaketaren ondotik, herri bazkaria izan zuten etxalartarrek eta aratsaldean herriko dantzariek bere saioa eskaini zuten. Egun osoan, herriko emakumeek egindako eskulanak ere ikusgai izan ziren Kultur Etxean.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun