Herrialde arteko kenpo txapelketa jokatuko da larunbatean Elizondon

TTIPI TTAPA 2010eko ekainaren 4a

Kenpoko kirolariek goizean ikastaroak eta arratsaldean txapelketa izanen dute. TTIPI TTAPA

Futbolean, Beti Gazteko infantilek finala jokatuko dute

Herrialdeen arteko kenpo txapelketa jokatuko da ekainaren 5ean, larunbatean, Elizondoko kiroldegian, Nafarroako Karate Federazioko Kenpo sailak antoltuta.

Lehenik, goizeko 10:00etatik 13:00etara, kenpoko estilo anitzetako ikastaroa eginen da eta bertan Kenpo-Kai, Kenpo Full Defense, Kenjukabo eta JuFuKen eskolako Kenpo eskolek parte hartuko dute. Ikastaroa doan izanen da herrialde arteko txapelketan parte hartzen dutenendako.

Arratsaldean, 16:00etatik 19:00etara, Zona Norte herrialde arteko kenpo txapelketa jokatuko da.

Kirolariek Oronoz-Mugairiko Urgain hotelean hartuko dute ostatu eta behin txapelketa akituta, besta-afaria izanen dute Elgorriagako Bainuetxean.

 

Beti Gazteko mutiko infantilek finala

Asteburuko kirol ekitaldirik bereziena izanen da kenpo txapelketa hau, baina ez bakarra.

Eskualdeko futbol talde ia guziek denboraldia bukatu badute ere, Beti Gazteko infantil mailako mutikoei final handia gelditzen zaie. Nafarroako lehen mailan liga bikaina egin zuten eta beraien multzoan lehenbizikoak izan ziren. Txapeldunen faseko bere multzoan ere gailendu dira eta honela, bertze multzoko lehenbizikoaren kontra ariko dira, Nafarroako txapelduna erabakitzeko. Larunbatean 18:00etan jokatuko dute finala Beriainen Joxe Luis Altzugarairen mutikoek, Tuterako Lurdes taldearen kontra.

 

Baztan-Errekako XXXI. Laxoa txapelketan, azkenik, bi partida iragarriak daude astebururako: Arraioz A eta Doneztebe Aren artekoa eta Doneztebe B eta Irurita Cren artekoa. Biak larunbatean 17:00etan jokatuko dira.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun