Argazki zaharrekin egindako liburu-DVDa aurkeztuko da Etxalarko XVIII. Gasna Feria Egunean

TTIPI TTAPA 2010eko ekainaren 4a

Gasnak leku berezia izanen du igandean Etxalarko ferian. TTIPI TTAPA

Ohiko gasna lehiaketa ere eginen da igandean

Ekaineko lehenbiziko igandean ospatuko da Gasna Feria Eguna, ekainaren 6an. Altxata Kultur Taldeak antolatuta, XVIII. edizioa izanen da.

Goizean Altxatak taloen postua jarriko du eta sormen tailerra ere egonen da haurrentzako. 10:30ean artisauen produktuak paratuko dira frontoian.

Ohikoa denez, Gasna lehiaketa ere eginen da eta Baztan, Malerreka eta Bortzirietako gasnagileek 11:00etarako aurkeztu beharko dituzte gasnak.

12:15ean trikitixa eta perkusio emanaldia izanen da, haur eta gaztetxoek eskainia.

13:30ean gasna lehiaketako sari banaketa.

14:00etan herri bazkaria eginen da frontoian. 18:00etan herriko dantzariek saioa eskainiko dute. Egun osoan herriko emakumeek egindako eskulanak Kultur Etxean ikusgai egonen dira.

 

Argazki zaharren liburua eta DVDa

Nobedade nagusia, halere, “Etxalarko xoko eta jendeak erretratuetan” liburua eta DVDa izanen dira. Mariskineko Bordako Edurne Elizagoien eta Gosostako Maite Irisarrik egin dute eta Gasna Feria Egunean salgai egonen da.

Liburu honen helburu nagusia argazki zaharrak biltzea izan da, ahalik eta herritar gehienek parte har zezaten proiektuan. Edurne Elizagoienek dioenez, “ondotik, bigarren zatian, dokumentazioan izan ditugu zailtasun nagusiak”.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun