Sunbillako bidegurutzearen irtenbide duin baten alde errepidea itxi egin dute ortzegun eguerdian

Aitor AROTZENA 2010eko ekainaren 4a

Sunbildarrak herritik bidegurutzerako bidea egin dute lehenik eta gero, N-121-A errepidea itxi dute ordu laurden batez. Aitor AROTZENA

200 bat sunbildarrek ordu laurden bateko mobilizazioa egin dute, hilabetero errepikatuko dena

N-121A errepidetik Sunbillarako bidegurutzari irtenbide duina ematea eskatuz errepidea itxi egin dute ekainaren 3an,  ortzegun eguerdian, Sunbillako 200 bat bizilagunek, Paco Errandonea alkatea eta udal zinegotziak buru zirela. Sunbildarrak ez ezik, Etxalarko alkatea, Igantziko zinegotziak eta Aitor Etxarri, NABAIko parlamentaria ere bertan izan ziren.

Lehenik Sunbillatik bidegurutzera abiatu ziren, euskaraz eta gazteleraz “Sunbilla, sarrera duin batzuen alde” eta “5 hildako, zein da ordaindu beharreko bidesaria?” zioten pankarta banaren gibelean.

Gero, Sunbillatik Doneztebe alderako bidegurutzean jarri ziren, Irun aldeko norabidea itxiz lehenik eta Iruña alderakoa ondotik, ordu laurdeneko ekitaldian. Izan ere, Margari Capdequi zinegotziak gogoratzen zuenez, “Iruñetik ez dute errepidea osorik ixteko baimenik eman, eta kargu publikoak garen neurrian hori bultzatuz gero, inhabilitazioa ere jasotzen ahal genuen”.

Paco Errandonea alkateak gogorarazi zuen Nafarroako Herrilan Departamentutik Sunbillako irteeretarako proposatzen dituen irtenbideak ez direla batere egokiak “Irun alderakoa orain dagoen bezala geldituko da eta Iruña alderakoa, 900.000 euro eta milioi baten artean gostako da eta erdian esperatzeko karril bat bertzerik ez da izanen. Hori kasik orain dagoena baino arriskutsuago iruditzen zaigu eta guk behetik edo gainetik pasabidea eskatzen dugu. Zerbait egin behar bada, ongi eta betirako den zerbait egitea eskatzen dugu”.

Nafarroako Gobernutik sunbildarren proposamenerako leku nahikorik ez dagoela erantzun omen diete, baina Sunbillako alkateak aipatu duenez, “ingeniarien bidez frogatu dugu hori ez dela egia, tokia badagoela, baina borondatea falta da eta garestiagoa da”.

Sunbillako bidegurutzean bortz hildako izan dira, baina egunero izaten dira eskapadak eta egunero errepide nagusira sartzeko eta errepidetik herrira sartzeko arriskua izaten dute sunbildarrek.

Aitzinera begira, mobilizazioekin segitzeko asmoa dute Sunbillan. Hori bai, Errandoneak aipatu duenez, uztailean eta irailean aldaketaren bat izanen da mobilizazio egunean, hilabeteko lehen ortzegunak irteera eta itzulera operazioekin bat egiten dutelako.

 

Aitor Etxarri, NABAIko parlamentariak ere elkartasuna adierazi nahi izan die Sunbillako bizilagunei: “Kontuan hartu behar da hau dela Nafarroako errepidetako puntu beltzetako bat, arriskutsua da eta elkartasuna adierazi nahi izan diegu ez bakarrik sunbildarrei, baita Malerreka eta Bortzirietako bizilagun guziei”.  NABAIko parlamentariak zuzenean Herrilan kontseilariarekin izan dira, proposatzen den irtenbidea ez dela egokiena eta egin daitezkeen bertze alternatiba batzuk badirela adierazteko. “Hirugarren Plan Zuzendaria orain dela hamabost egun aurkeztu zen Parlamentuan , orain bi-hiru hilabete dauzkagu plan horri zuzenketak egiteko eta guk bidegurutze honen proiektuari eginen diogu zuzenketa. Goitik edo behetik, aztertuko dugu zein den egokiena, baina hau ezin da horrela utzi”.

Francisca Iriartek bidegurutzearn arrisku gogorra hurbil-hurbiletik somatu du, bere iloba baten umea, haurdun zegoela, bertan hil baitzen.

“Ez da inon halako sarrera txarrikan, proposatzen duten soluzioa xaborra da, orain bezain txarra. Horrela ez dugu deus egiten, Belatetik honat ez du deus gastatu nahi, Erribera aldean milioiak eta milioiak gastatzen dituzte, baina gu ez gaitu ikusi nahi, ez dakit zer duen!”.

 

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun