Nafarroako Gobernuko Ingurumen Departamentuaren eta Caixaren Gizarte Proiektuaren bitartez, 82.904 euroko inbertsioa egin da Belateko zohikaztegia berreskuratzeko. Gobernuak 42.904 euro paratu ditu, eta Caixak gainerako 40.000 euroak.
Hondakin organikoekin sortzen diren hezeguneak dira zohikaztegiak, eta ingurumen aldetik interes bereziko guneak, duela 17.000 urteko sedimentuak ere baitituzte. Landaretza aldetik ere, interes bereziko espezieak dituzte, horietatik batzuk desagertzear daudenak.
Berreskuratze lan hauei esker, landaretza gehiago dago orain, eta orain arte identifikatu gabe zeuden espezie berriak ere aurkitu dira.
Ekainaren 1ean Begoña Sanzberro Landa Garapen eta Ingurumen Departamentuko kontseilaria Belateko zohikaztegian izan zen, egin diren berreskuratze lanak ikusten.
Leurtzara
Ondotik, kontseilaria Leurtzako urtegira joan zen astearte eguerdian, mugitzeko edo ikusteko zailtasunak dituzten pertsonentzat sarbidea errazteko egin diren egokitze lanak bisitatzera. Lanek 110.000 euroko gastua eragin dute eta Caicaren Gizarte Proiektuaren bitartez ordaindu da, Nafarroako Gobernuarekin sinatutako elkarlan hitzarmen baten ondorioz.