Lauko Sokatira Txapelketako lau txapelak lortu dituzte Amaiurrek eta Basaburuak

TTIPI TTAPA 2010ko eka. 1a, 10:23

Amaiurtarrak bikain ibili dira 4x4 sokatira txapelketan. Gizonezkoetan eta emakumezkoetan txapelak lortu dituzte eta 21 urtez beheitiko talde gaztea hirugarren izan zen. TTIPI TTAPA

Amaiurtarrak emakumezko eta gizonezko nagusien kategorietan gailendu dira eta Basaburuakoak 21 urtez beheitikoan eta kadetetan

Fin ibili dira baztandarrak aurtengo Nafarroako Goma Gaineko Lauko Sokatira Txapelketan, jokoan ziren lau txapeletatik laurak eskuratu baitituzte. Igande honetan, maiatzaren 29an jokatu zen azken jardunaldia Jauntsarasen eta orduan banatu ziren sariak.

Gizonezkoetan, 320 kilokoen kategorian, Amaiur gelditu zen txapeldun eta Amaiurko bertze talde bat, Ttuku-Ttuku, bigarren. Txantrea, Imotz eta Basaburua gelditu ziren ondotik.

Emakumeetan, 255 kilokoen mailan, azken saio horretara puntutan berdinduak ailegatu ziren Amaiur eta Lesakako Beti Gazte, aitzineko bi jardunaldietan, bertze talde guzien kontrako tiraldiak irabazi eta elkarren artean parra eginez. Baina Jauntsarasen Amaiur  atera zen garaile lesakarren kontrako bi tiraldiak irabazita. Gainera, Beti Gaztek Sakanaren kontrako tiraldi bat ere galdu zuen. Halere, Lesakako taldea bigarren gelditu zen sailkapen orokorrean. Sakana, Berriozar eta Basaburua-Imotzek osatu zuten sailkapena.

21 urte artekoetan, 320 kilokoan, Baztango Basaburua atera zen txapeldun, eta Amaiurko taldea hirugarren gelditu zen. Txantreako taldea, berriz, bigarrena izan zen.

Kadeteen kategorian ere Baztango Basaburua izan zen jaun eta jabe. Azkeneko jardunaldian berdinketa egin zuen Etxarri Aranatzeko Andra Marirekin, baina ordurako txapela erabakia zegoen. Andra Mari sailkapenean bigarren izan zen, eta Txantrea hirugarren.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun