Ioar Tainta bertsolari lesakarra nagusitu zen maiatzaren 28an Berako Kultur Etxean jokatu zen Nafarroako Eskolarteko Bertsolari txapelketaren finalean, 14 eta 18 urte bitarteko kategorian. Bigarren postua Oronoz-Mugairiko Amaia Elizagoienentzat izan zen eta biek lortu zuten Euskal Herriko txapelketako finalean kantatzeko eskubidea.
Hamar bertsolari aritu ziren lehian, Bertsozale Elkarteak antolatutako txapelketa honetan: Iruñeko Eider Azkoaga, Irati Majuelo eta Haizea Beruete; Iturengo Egoitz Gorosterrazu; Oronoz-Mugairiko Amaia Elizagoien; Berako Patxi Castillo; Sunbillako Irati Arrieta eta Lesakako Ioar Tainta, Josu Sanjurjo eta Mikel Telletxea.
Lehen fasean denak aritu ziren eta bigarrengorako sei gelditu ziren: Josu Sanjurjo, Ioar Tainta, Amaia Elizagoien, Egoitz Gorosterrazu, Eider Azkoaga eta Irati Majuelo. Bigarren fase honetan, Ioar Tainta nabarmendu zen eta Amaia Elizagoienek ere ale ederrak utzi zituen. Txapeldun eta txapeldunorde izan ziren eta honenbertzez, Euskal Herriko txapelketan ariko dira Lesakakoa eta Oronoz-Mugairikoa Aguraingo Arrese aretoan ekainaren 19an. 14 urtetik beheitiko gaztetxoak 11:00eta izanen dute saioa eta 14-18 urte artekoak 15:30ean.
Baztan-Bidasoako bertsopaper lehiaketaren sari banaketa
Eskolarteko Bertsolari txapelketaren bi faseen artean, Bortzirietako Bertso Eskolak eta Berako Kultur Batzordeak, Bortzirietako Euskara Mankomunitatearen laguntzarekin antolatutako XXIII. Baztan-Bidasoako bertsopaper lehiaketako sariak banatu ziren. Guzira 86 lan aurkeztu dira lehiaketara eta hauek izan dira sarituak:
12 urte artekoetan, Berako Mikel Irigoienen “Himalaya mendikatea” bertxo-xortak lortu zuen 50 euroko balea materialean eta oroigarria zuen lehen saria. Bigarren saria, 30 euroko balea materialean eta oroigarria, Berako Saioa Irazuren “Pistina”k lortu zuen.
12 eta 18 urte artekoen kategorian, Aitor Servier Etchechuri azkaindarrak lortu zuen 100 euroko lehen saria, “Bidea nola egiten den” bertso-xortarekoin. Bigarren sarirarki bi saridun izan ziren: Oronoz-Mugairiko Amaia Elizagoienen “Emakume torturatu baten panpina” eta Lesakako Maddalen Lopez Tapiaren “Osabari bisita”. 50 euroko saria erdibana egin zuten.
18 urtetk goitikoek, azkenik, guttienez zortzi bertso egin behar izan zituzten. Lehenbiziko saria, 150 euro eta oroigarria, Lesakako Aitor Arotzenaren “Iratiko mendi mutilaren oroitzapenak” bertso-xortarentzat izan zen eta bigarren saria, 100 euro, Lesakako Iban Garroren “Aiako ‘Harria’” bertso-xortarentzat.