Ekainaren 19an ospatuko den Sorginaren Eguna aurkeztu dute Zugarramurdiko Sorginkeriaren Museoan. Ekitaldian, Lazaro Dainziart Zugarramurdiko udaleko zinegotzia, Ainhoa Agirre Zugarramurdiko Sorginkeriaren Museoko gerentea, Akelarre elkarteko Elena Ansalas, antzerki taldeko Marifa Irazoki eta ospakizunean parte hartuko duten Oskorri taldeko Natxo de Felipe eta Sugarren erdin taldeko Joxe Elgorriaga izan dira.
Egitarau zabala
Ekainaren 19an hirugarren edizioa beteko du Sorginaren Egunak eta egitaraua 11:00etan abiatuko da, karrikan eginen den ekitaldiarekin. Ordu berean, Argazki Rallyaren erakusketaren inaugurazioa eginen da Sorginen Museoan. 11:30ean I. Haur Ipuin eta Marrazki lehiaketaren sari banaketa eginen da leku berean. 12:00etan hitzaldia izanen da euskaraz Sorginen Museoan. 13:00etan, Laguardiako dantzariek ikuskizuna eskainiko dute plazan.
15:00etan “XIV. - XVIII. mendeko Euskal Herriko sorginkeriaren historia” izenburua duen solasaldia eskainiko du frantsesez Beñat Zintzo Garmendiak Sorginen Museoan.
16:00etan lezean, galdutako Sorginei deitzeko errituala antzeztuko du Kataluniako “Els Bruixots dels Pirineu” taldeak.
17:00etan, Ambrose Goikoetxeak “1610eko Logroñoko Fedeautoa: gizartea, ekonomia eta zuzenbidean garrantzia gaur egun” hitzaldia emanen du gaztelaniaz Sorginen Museoan.
18:00etan herritarrek egindako “Sorginen haizeak” antzerkia eskainiko dute plazan.
20:00etan Oskorri taldeak kontzertua eskainiko du eta dantzatzeko aukera ere izanen da lezean.
21:30ean Herritarrek egindako “Akelarrea” antzeztuko da Lezean.
22:00etan “Sugarren erdin: sasi guzien gainetik eta laino guzien azpitik” ikus-entzunezko eta dantza ikuskizuna eskainiko da lezean.
Egun osoan, eskulangileen merkatua eta tarota izanen da karriketan barna eta Argazki Rallyaren erakusketa Sorginen Museoan.