Europako kamioi lasterketen denboraldi berriari ekin dio Javier Mariezkurrenaren Truck Navarra Competición taldeak eta emaitza onekin bueltatu zen Doneztebeko taldea Italiako Misanon egindako karreretatik.
Ortezgunean karpa automatiko berria hedatu eta ortziralean egiaztapen teknikoak egin zituzten. Larunbat goizean entrenamendu libreen txanda izan zen eta hemen kamioia punttuan jartzeko aprobetxatu zuten Ederki tailerrekoek, iaz ez baitzuten zirkuitu honetan parte hartu eta horregatik, ez zen kamioiarendako erreferentziarik.
Sailkapen txandak ezusteak ere ekarri zituen, itzuli azkarra egiteko lehen aukeran pneumatikoek ez baitzuten tenperatura egokia hartu eta ondokoetan trafiko sobera ibili zen.
Kontuak kontu, puntuak lortzeko lehen karreran, bigarren bihurgunean gurpil pila bat eta Robineau frantziarraren kamioia jo bazuen ere, hamekagarren postura arte erremontatu zuen Mariezkurrenak eta, azkenean, hamargarren postua ere lortu zuen, denboraldiko lehen puntua eskuratuz.
Bigarren karrera gazi-gozoa izan zen taldearentzat. Izan ere, Antonio Albaceteren kamioiak diferentziala hautsi zuen eta olioa hedatu zen pistan. Ondorioz, karrera suspenditu egin zuten epaileek. Albiste ona Albaceterentzat, baina txarra Mariezkurrenarentzat, gertakaria saihestu eta seigarren postuan baitzen, zazpigarrenari alde handia ateriaz. Baina bandera gorriek berriz ere puntuak eskuratzeko aukera galarazi zuten.
Igandeko sailkapen probetan zortzigarren ere ibili zen Mariezkurrena, baina azkenean polerako hamargarren postua eskuratu zuen. Igandeko lehen karreran, laisterketa burutik bi segundu terdira ibili zen kasik denbora guzian Mariezkurrena eta hamargarren postu hori mantendu zuen, bertze puntu bat eskuratuz.
Animoak goiti zirela, asteburuko laugarren eta azken karrera aski zirarragarria izan zen. Mariezkurrenak hamargarren postu hori mantendu zuen, laisterketa burutik bi segundura denborak mantenduz. Karrera erditsuan bederatzigarren postua hartu zuen Doneztebeko gidariak eta horri eutsi zion bukaera arte, bi puntu lortuz.
Asteburuko lau puntu hauekin, Europako txapelketan hamargarren postuan jarri da Mariezkurrena eta Truck Navarra taldea, Sponsor’s Challenge sailkapeneko buruan dago.