Sara eta Lesakako mendi itzuliak eginen dira heldu diren igandeetan

TTIPI TTAPA 2010eko maiatzaren 25a

Mendizaleak Sarako Itzuliko kontrol postu batean Utzitako argazkiak

45 eta 25-34 kilometroko zirkuituak izanen dira

SARAKO ITZULIA 45 kilometro eta 2.200 metroko desnibela dituen itzulia da Sarakoa. XIII. edizioa da aurtengoa eta ekainaren 6an izanen da.

LESAKAKO ITZULIA 25-34 kilometro dituzten ibilbideak izanen dituzte mendizaleek aukeran Lesakako Itzulian. Ekainaren 13an izanen da.

Arantzako Mendi Itzuliaren ondotik, aitzineko alean aipatu bezala, igande honetan eginen da Baztangoa, Lekarozen hasi eta akituko dena. Eta horien ondotik, ekainaren 6an Sarakoa eginen da, eta ekainaren 13an Lesakakoa.

XIII. Sarako Itzulia

Aurten XIII. edizioa duen Sarako Mendi Itzulia ekainaren 6an iraganen da, Axuria Mendi Taldeak antolatuta. Ohi bezala, 45 kilometroko ibilbidea izanen da eta 2.200 metroko malda duena.
Izen-ematea egun berean egin beharko da Sarako kiroldegian, 06:30etik aitzinera, eta 12 euro ordainduta. Izena emandakoan, ibiltari bakoitzak txartela bat izanen du, eta kontrol tokietan hori erakutsi beharko du. Ibilaldia, berriz, 07:00etatik 08:00etara bitartean abiatuko da.
Sarako plazan hasi eta Suhalmendi, Santinazio, Iturriederreta, Larrun, Lizuniaga, Ibantelli, Lizarieta, Sarako Usotegia, Atxuria, Zugarramurdi eta Istilarten barna ibiliz, berriz Sarara itzuli beharko dute mendizaleek. Xehetasunak http://axuria.monsite.wanadoo.fr web orrian edo (0033) 559 542014 telefonora deituta.

Lesakan bi aukeran

Beti Gazte Elkarteak antolatzen duen Lesakako Mendi Itzulia ekainaren 13an, igandearekin, eginen da, aurten hamargarren aldiz.
Bertze aldietan bezala, bi ibilbide izanen dituzte aukeran parte hartzen dutenek: luzea –34 kilometrokoa eta 1.800 metroko desnibela duena– eta laburra –25 kilometrokoa eta 1.200 metroko desnibela duena–.
Ibilbide motza aukeratzen dutenek itzuli hau egin beharko dute: Lesakako plaza (79 metro), Sastrin (433 metro), Amekarrungo ataka (670 metro), Burnaiztegi (714 metro), Bianditz (844 metro), Errenga (780 metro), Ikatzulo (500 metro), Olazar (165 metro) eta Lesakako plaza.
Luzea nahi dutenek, berriz, hauxe: Lesakako plaza (79 metro), Sastrin (433 metro), Amekarrungo ataka (670 metro), Izurriztiko lepoa (783 metro), Artikutza (322 metro), Elizmendi, Eskas (670 metro), Burnaiztegi (714 metro), Bianditz (844 metro), Errenga (780 metro), Ikatzulo (500 metro), Olazar (165 metro) eta Lesakako plaza.
Aurreinskripzioa egin nahi duenak www.mendizmendi.com web orriaren bitartez egin dezake, 12 euro ordainduta. Itzulia, berriz, 07:00etan abiatuko da.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun