Aitzineko egunetan, adin ederreko bi herritar ezagun azken egoitzarat eremanak izan dira. Joset Borthaire Audet ibarrundarra 1923ko andredena mariaz sortua zen. Ofizioz kamiun gidaria zen eta afizioz pilotaria, bistan da! Bere kamiunarekin etxeak egiteko tresnak banatu izan ditu Lapurdi osoan. Léon anaia zenarekin aritzen zen, Bokalen lehenik eta gero Senperen. Pilotarri dagokionez, Jean Ithourria bere adiskide haundiak TTIPI-TTAPAri erran dio, «xintxoki ainitz aritu zela pilotan. Ez zen xapeldun haundia izana baina alimaleko jokalaria zen, funtsean familiako mutiko guziak bezala». Ithourria oroit da Mixel eta Joset Audet anaiak Mauletarren kontra aritu zirela behin Bidarraiko lurreko plazan. 40 punduko partidak bi oren eta 40 minuta iraun zuen! Eta azkenean, senpertarrak nagusi. Arretxean ikasle zirelarik Ithourriak eta Joset Audetek elgarrekin presentatu eta erdietsi zuten orduko Certificat d'étude diploma. Senpertarrek gogoan dute oraino Besta Berriko kapitaina izan zela. Etxekoak inguruan izan ditu beti, laguntza eta maitasun haundia emanez.
Bertzalde, Véronique Bereau, sortzez Zamora, ere zendu da maiatz erditsuan. Aipagarria da Beronika berri emaile xaharrena zela gan den urtean kaleratu zen Senperetik Senpererat oroitzapen bilduman. 1917ko erearoaren 20an sortu zen Xuhanainean, Xerrenda auzoan. Zazpi haurrideen artean gazteena zen. 1936an Lorentzo Bereau Arantzan sortu zen Kamietako seme zaharrenarekin ezkondu zen. Euskal herritar ainitzek bezala, Lorentzok eta Beronikak herritik gan behar izan zuten lan egiterat. Labennen Landeetan bizitu dira luzaz baina loturak atxiki dituzte beti sorterriarekin. Doluminak familiei.