Baionaldean euskarazko ikastegi berria idekiko dela jakin da Herri Urratsen

Franck DOLOSOR 2010eko maiatzaren 25a

Pentsatutako helburuak lortu ezinik gelditu da Herri Urrats, eguraldiak ez baitzuen lagundu Franck DOLOSOR

Baionaldean euskarazko ikastegi berria idekiko dela jakin da Herri Urratsen

27. Herri Urrats bestak usaian baino jende gutiago bildu du, baina berri ainitz jakiteko eguna izan da. Baionaldean bigarren hezkuntzako ikastetxe berria eginen da, kolegio bat eta lizeo bat bilduko dituena, hain xuxen. Aipagarria da lizeo orokorra izateaz gain, sail profesionalak eta teknologikoak ere eskainiko direla hor. Euskarak urrats berria eginen du beraz, orain arte, sail orokorrak baizik ez baitziren irakasten ikastoletan eta hain beharrezkoa den formakuntza profesionalarik  ez. Iparraldeko Euskararen Erakunde Publikoak Seaskari ematen dion dirulaguntza emendatuko da aurten eta gainerat, Iparraldeko auzapezen biltzarreko buruak, Senpereko auzapeza denak, jakinarazi du galdetuko duela herri guziek dirulaguntza bat bozka dezaten ikastolen alde. Bi neurri horiek ongi etorriak dira Seaskari ematen zion laguntza ttikituko baitu Eusko Jaurlaritzak. Koldo Teillitu Ikastolen presidentak ihardoki du ez dutela gibelerat egiten duten urratsik onetsiko eta ikastolak parean izanen dituela beti Jaurlaritzak.

3 000 gazte
Seaskak 200 ikasle gehiago izanen ditu laster, erran nahi baita 3 eta 18 urte arteko 3 000 gazte bilduko dituela orotarat. Aurtengo Herri Urratseko irabaziekin, bi ikastola berri idekiko dituzte Itsasun eta Lekornen. Azken hortan, herriko bi gaztetxo ibiliko dira: Lekornen bizi diren Gaxintoeneako bi haur ttikiak! 

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun