Nacho de Felipe Oskorriko abeslari ezagunak kanta batzuk grabatu ditu herriko dantzariekin. Mari Cruz Goñi irakaslearen gidaritzapean, Baztango Mutildantzen pausoekin sortutako muxikoak grabatu zituzten Andre Mari Dantza Taldeko kideek maiatz hasieran. Bideoa hainbat dantza-taldeei banatuko diete, haiek ere ikas dezaten. Oskorriren proiektu berriaren barrenean sartzen da egitasmo hau. Nacho de Felipek azaldu zuenez, «CDak, DVDak eta liburuxka batek osatuko dute lan berria; jendeak musika entzun, ikusi eta liburuxkan argibideak irakurriz dantzak ikasteko». De Felipe «hagitz gustora» agertu zen Etxalarren egindako grabaketarekin eta gonbidapena luzatu zien dantzariei ekainaren 19an Zugarramurdiko Sorginaren egunean, euren emanaldian dantzatuz parte hartzeko.