Arlo publikoan deitutako grebak segida handia dauka eskualdean

TTIPI TTAPA 2010eko maiatzaren 26a

Grebaz gain, kontzentrazioa ere egin dute arlo publikoko langileek Berako Herriko Etxeko Plazan. Fermin ETXEKOLONEA

Bortzirietan eta Leitzaldean udalak eta mankomunitateak itxiak daude eta ikastetxeetan ere jarraipen zabala dauka

LAB, ELA eta STEE-EILAS sindikatuek arlo publikoan deitutako greba deialdiak arrakasta izan du maiatzaren 25ean.

Bortzirietako udal zerbitzuak geldirik izan dira, baita Doneztebekoak ere eta Baztanen %50 gelditu da.

Mankomunitateei dagokienez, Bortzirietako Oinarrizko Gizarte Zerbitzuen Mankomunitatean guttieneko zerbitzuak bete dituzte, atentzioa behar duten zaharrak artatzeko. Hiri-Hondakinen Mankomunitatea eta Malerreka eta Bortzirietako Euskara Mankomunitateak ere geldirik egon dira.

Leitzaldeko Udalak ere geldirik egon dira, baita mankomunitateak ere.

Ikastetxe publikoei dagokienez, Berajo Ricardo Baroja ikastetxean langileen %50ak greba egin du eta bertze erdia lanean aritu da, baina soladata gizarte zerbitzuei bideratzeko. Berako Toki-Ona institutuan grebak %60ko jarraipena izan du, Etxalarko Landagain ikastetxe publikoan bezalaxe. Lesakako Irain eskolan %70eko jarraipena izan du eta  Arantza eta Igantziko eskoletan %100ekoa. Baztan eta Malerrekako eskoletan, banaz bertze %50-%60ko jarraipena izan du grebak.

Grebarekin batera, ordu erdiko kontzentrazioa ere egin da Berako Herriko Etxeko Plazan. “Administrazioan murrizketarik ez!” zioen pankartaren gibelean 50 bat lagun bildu dira.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun