Euskararen alde Nafarroan inoiz egin den manifestaziorik jendetsuena egin zen maiatzaren 15ean Iruñeko karriketan. Kontseiluak deitutako deialdiarekin bat egin, eta nahiz eta euriaren beldur izan, milaka eta milaka lagunek aldarrikatu zuten Nafarroan euskaraz bizitzeko eskubidea.
Manifestazioaren erantzuna ikusita, Kontseiluak Nafarroan Hizkuntza Politika diseinatzen dutenei hausnarketa eskatu zien, eta aldi berean, «gure aldarriak ez dira manifestazio honetan geratzen, bihar ere euskararen normalizazioaren alde lanean jarraitu beharko dugu», adierazi zuen.
Besta giroan egin zen manifestazioa, trikitixa, akordeoia, batukada eta joaldunak tartean zirela. Manifestazioaren bukaeran, Gaztelu Plazan, «Euskaraz bizi nahi dugu, euskaraz ez bada, ez delako bizitzea guretzat», nabarmendu zuen Kontseiluak, eta «osorik euskalduntzea bermatuko duen hezkuntza sistemaren erreforma« ere eskatu zuen.