Mugimendu haundiko urte batzuen arrastoak baino ez dira gelditzen Ollinen

Gurutze PIKABEA 2010ko mai. 25a, 12:44

Juanito Telletxea Ollingo semea kaskoa buruan eta karburo lanpara eskuan dituela. Ezkerreko argazkietan, langileak galeria baten aitzinean –ia denak kanpotarrak– eta Compañia Vasca de Minas-ek Goizuet

Hiru hamarkada baino gehiago pasatu dira Ezkurrako lurretan zeuden meategiak itxi zirenetik

Goizuetatik zazpi bat kilometrotara, Ezkurrako lurretan dagoen Ollin auzoan, garai bateko meategien hondakinak bakarrik gelditzen dira gaur egun. Baina bere urterik oparoenetan denetarik eduki zuen: etxebizitzak, barrakoia, 30 neska-mutikoentzako eskola, kantina, jantokia, eliza ttiki bat... Ia 200 bizilagun eta langile izatera ailegatu zen Ezkurrako auzo hau.

DATUA 200 langile eta bizilagun izatera ailegatu zen Ollingo meatzea bere garairik onenean.

Mugimendu haundiko garai baten arrastoak baino ez dira gelditzen orain. Baina duela 35 bat urtera arte, oso emankorrak izan ziren Basakabitik Goizuetara bidean, Ezkurrako lurretan zeuden Ollingo meategiak. Lehenagotik ere, XIV. eta XIX. mendeen artean, lanean aritu ziren Ollingo meatzeak, Europa iparraldera eta Ameriketara burdina esportatzen baitzen. Ezkurrako Fernando Etxeberriak Ezkurra, herri berezian liburuan dioenez, 1877tik 1910era La Navarresa konpainiaren esku egon ziren eta minerala ustiatzen ibili zen. Eta ordukoak dira Ollingo meatzarien auzoko lehen aztarnak. 1920 aldera, berriz, Real Compañía Asturiana de Minasen eskuetatik pasatu zen, harik eta 1945 aldera, Bilboko Compañía Vasca de Minasek berriz zabaldu zuen arte. Martxa haundiko urteak izan ziren baina 1976 aldera, itxi egin ziren.
Familiaz betetako etxebizitzak, barrakoia, eskola, kantina –denda–, bulegoa, jantokia, sukaldea, kapilla txiki bat, frontoia… Denetarik eduki zuten bere garairik onenean, eta 200 bizilagun eta langile ere bai.
Meategia tarteko, apartatutako auzo izatetik mugimendu haundiko auzo izatera pasatu zen Ollin. Eta geroztik hiru hamarkada baino gehiago pasatu badira ere, orduko martxaz ederki gogoratzen da Juanito Telletxea, Ollingo auzotar ohia (Ezkurra, 1949). «Meategiak ireki arte, Ollinen hiru etxe bakarrik zeuden: kamineroarena, bi solairutan lau bizitza zituen beste etxe zahar bat eta gu bizi ginena», azaldu digu Telletxeak. Eta «poliki-poliki, boltsa bizkarrean edo beste asko ezer gabe oinez jendea etortzen hasi zen». Jendea etorri ahala, auzoa zabaltzen joan zen eta beheko etxe zaharrari beste solairu bat eman eta sei bizitza jarri omen zituzten. «Guri etxe bat egin ziguten gorago eta gure etxe hori sukalde izateko aprobetxatu zuten. Ondoan barrakoi haundi bat egin zuten. Jantokia ere egin zuten eta beste aldean, kapilla, pertsiana batekin. Igandeetan Goizuetatik apaiza etortzen zenean, kapillako pertsiana igo, jantokiko bankuak bildu eta hango bankuak aprobetxatuz meza ematen zen». Hantxe biltzen omen ziren auzotarrak eta inguruko mendietatik joandako Leitza eta Ezkurrako artzainak.
Meategiak funtzionamenduan egon ziren aurreko aldian, inguruko jendearekin izandako esperientzia txarra izan zen. Meategi barreneko hauts eta kearen ondorioz, langile asko silikosiak jota hil baitzen. Hortaz, meategiak Bilboko enpresaren esku egon zirenean, lan gogorrena egitea kanpoko langileei egokitu zitzaien: Extremadura, Leon, Asturias, Andaluzia, Galizia… Baita marokoar batzuei ere. Kanpotarrek zuloan aritu behar izan zuten, eta inguruko herrietako gehienak, aldiz, tartean goizuetar andana, kanpoko lanetan ibili ziren. Eta 60. hamarkadatik aurrera, gaian espezializatuagoak zirenak ekarri zituzten Asturiasetik. 
Azken 37 urteotan, Leitzan bizi bada ere, oso oroitzapen onak ditu Ollinen inguruan Juanito Telletxeak. Ezkurrako Udalak errentan emandako etxe hartan bizitu baitzen 14 urte bete arte, guraso eta senideekin. Mutiko kozkorra zela, han ikusten zuen jendea joan-etorrian eta lanean, eta langileen artean «tarteka okasioak» izan arren, «gu oso ongi tratatzen gintuzten, eta sekula ere ez ziguten ezer egin». Zulo barreneko lana izan zen batez ere gogorra, baina momentu onak ere izaten zituzten: Santa Barbara Eguna, adibidez. Abenduaren 4arekin ospatzen zuten egun hau besta haundia izaten zen. Meza, bazkaria, eta tarteka apusturen bat edo beste ere izaten omen zen egun honekin.
Materiala bukatu zenean, 1976 aldera, itxi egin ziren meategiak. Eta Ollinen bizi ziren familiak ere handik alde egin zuten: «kamineroaren familia Leitzara joan zen, beste etxebizitzetakoak ere joan ziren, eta gure etxea Ezkurrako Udalak bota zuen mendiko pista bat egiteko», dio Telletxeak.
1979ko maiatzaren 19an, Ezkurrako Udalak enkante publikoan atera zituen barrakoiak eta beste hondasunak, eta halaxe dago geroztik, geldirik. Orduko mugimendu hartaz gogoratu eta orain nola dagoen ikusita, «pena» ematen diola aitortu digu Telletxeak. Zaila baita oraingo hondakinei erreparatuta, orduko martxaz jabetzea.

MEATEGIKO LANGILE IZANDAKOEKIN SOLASEAN

Antonio APEZETXEA  |  Goizueta

«Paretak egiten, zaintzale bezala ere bai askotan... Horrelako lanak egin nituen Ollinen»

Meategiak militarizatuak zeudela aprobetxatuz, soldaduska egitera kanpora joan ordez, meategian lanean aritzeko hautua egin zuten inguruko mutil gazte askok, eta Antonio Apezetxea goizuetarrak ere halaxe egin zuen. 20 urte betetzear zituela sartu zen meategietan, eta bi urte inguru egin zituen hantxe. «Paretak egiten, zaintzale bezala ere bai askotan…», horrelako lanak egokitu zitzaizkion. «Nozbait zulo barrenera ere sartu nintzen, baina lanera ez». Zazpi bilete kobratzen zituela ere gogoan du, baita han lanean ari zela hanka hautsi zuela ere: «labaderoaren goiko paretatik erori nintzen eta hanka hautsi nuen. Gero, gainera, gaizki paratu zidaten eta bajarekin egon nintzen».

Inaxio BIURRARENA  |  Arano

«Soldaduskara ez joan, eta etxean gasturik egin gabe, ederki pasatu nuen»

Inaxio Biurrarena aranoarra ere, soldaduskara ez joateagatik hasi zen meategian. Eta 1951tik 1954ra, «21 urte nituenetik 24 urte bete arte», han ibili zen. Gehienbat kanpoan aritu zen lanean: «aurrenean, harrobia garbitzen aritu ginen, gero enpresarentzako etxea egin genuen Goizuetan, minerala igotzen zutenean hura deskargatzen ere aritu nintzen, eta azken urtebetean labaderoan». Meategi barruan aritu zenean, bagoientzako bideak paratzeaz arduratu zen. Ez du orduko oroitzapen txarrik 80 urteko aranoarrak; alderantziz, «oso onak». «Soldaduskara ez joan, eta etxean gasturik egin gabe, ederki pasatu nuen». Goizuetan pasatu zituen urte haiek, handik kamioian eramaten baitzuten meategira.

Jose Ramon AROZENA  |  Goizueta

«Nire bizitzako sustorik haundiena hartu nuen zulo barrenean lanean ari nintzela»

Jose Ramon Arozena goizuetarrari, meategi barruko lana ezagutzea ere tokatu zitzaion. Eta hantxe hartu omen zuen bere bizitzako «sustorik haundiena». Baserrian senide asko eta dirurik ez zegoela-eta, 17 urterekin amak meategira bidali zuen. Bera bezala, gainerako goizuetarrak ere Urrutineko Manolo zenarekin ibiltzen omen ziren herritik kamioian Ollinera joateko. Baina hasi eta berehala, Titillako Auxtinekin zulora joateko agindu zioten. Eta lanean ari zen hasierako egun batean hartu zuen sekula ahaztuko ez duen sustoa: «gu lanean ari ginen galeriatik hurbil, tiro haundia bota zuten eta asko ikaratu nintzen. Auxtini itsatsi nintzaion, eta hura niri». Egun haren ondotik, gehiago ez zuela bueltatu nahi esan omen zion amari. Baina amak joateko, berak hitz eginen zuela arduradunarekin. Eta horrela egin zuen amak. Hasi eta hamabost egunen buruan, zulotik atera eta kanpoan jarri baitzuten lanean: «kamioia kargatzen hasi nintzen, eta gero oraindik hobeki, kamioiarekin bueltaka jarri baitzidaten Manolorekin. Handik, matxakara, harria txikitzera, eta gero labaderora». Hiru urte joan zitzaizkion horrela. Aurreneko esperientzia «txar» hura kenduta, garai onak izan zirela adierazi digu 76 urteko goizuetarrak. Eguneko 10 bat pezeta irabazten omen zituen, astean, larunbatak lan eginda, 60 pezetatik goiti, eta «gutxi izan arren, familiarentzat ongi etorri zen». Meategia martxan egon zen urteetan herrian mugimendu haundia izaten zela ere azaldu digu: «etxe zahar guztiak bete ziren eta orduan adina jende nik ez dut sekula ezagutu Goizuetan». Hiru urteren buruan, meategian ari ziren goizuetarrak gero eta gutxiago zirela ikusita, mendira joatea erabaki zuen.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun