Javier Mariezkurrena kamioi gidari doneztebarrak Europako txapelketari ekinen dio asteburuan Italian

TTIPI TTAPA 2010eko maiatzaren 21a

Asteburu honetan Misanon izanen du karrera Doneztebeko Javier Mariezkurrenak. TTIPI TTAPA

Ederki tailerreko eskuderiak hamar lehenbizikoen artean sartzeko helburua izanen du aurten

Jabier Mariezkurrena Doneztebeko kamioi gidariak eta Ederki tailerreko kideek osatzen duten Truck Navarra Competición taldeak asteburu honetan ekinen dio 2010eko FIAren kamioi lasterketen Europako txapelketari (FIA European Truck Racing Championship) Misanon, Adriatiko itsasoaren kostaldean, Italian.

Frantziko Nogaron egindako aurrendenboraldiko probetan ongi ibili da MAN kamioia. Martxoaren 23an egin zuten lehen testa eta ondotik, apirilaren 13an, MAN markako bertze taldeekin batera egin zuen test-a. Bigarren proba honetan, gurpilen osagai ezberdinak eta presio aldaketak probatu zituzten, horiek aztertuz eta Mariezkurrena gidariaren iritzia kontuan hartuz, aukerarik onenaren alde apostu egiteko. Modu berean, aurtengo araudiak agintzen duen diferezial blokeatuari egokitutako gidaritza teknika landu zuten eta gustura gelditu ziren lanarekin. Izan ere, Europako txapelketarako borrokan izanen diren kamioietatik bi segundura ibili zen doneztebarra, joan den urtean hiru segundu terdi gibelerago ibiltzen zenean.

Baina probak probak dira, eta larunbatean eta igandean Misanon ikusiko da Mariezkurrenaren kamioia nola dabilen konpetizioan. Taldeko ordezkarien arabera, Europako txapelketan hamar lehenbizikoen artean sartzeko borrokan egon beharko lukete aurtengoan, baina errandakoa, zirkuitoak utziko du bakoitza bere tokian. Joan den urtean hamahirugarren izan zen Javier Mariezkurrena Europako txapelketan, bigarren Espainiako Kopan eta laugarrena Sponsor’s Challengeko sailkapenean.

Aurtengo txapelketan zortzi karrera izanen dira, iaz baino bi guttiago. Misanoren ondotik Espainiako Albacete (ekainak 5 eta 6), Frantziako Nogaro (ekainak 19 eta 20), Alemaniako Nürburg (uztailaren 23, 24 eta 2), Txekiako Most (abuztuak 28 eta 29), Belgikako Zolder (irailak 11 eta 12), Frantziako Le Mans (irailak 18 eta 19) eta Espainiako Jaraman (urriak 2 eta 3) eginen dira lasterketak.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun