Gazte talde bat elkartu eta duela hiru urte sortu zen Malerrekako Gazte Asanblada. Geroztik hainbat ekimen bultzatu izan ditu, eta horien artean Gazte Eguna antolatzea izan da. Donamarian eta Legasan egin dira orain arte, eta aurten, maiatzaren 22an, Iturenen eginen da. Goizean goizetik hasita hainbat ekitaldi izanen dira.
Egitaraua, goizeko 09:00etan eginen den gosariarekin hasiko da. 10:30ean txalaparta eta malabare tailerra eginen da. 11:30ean hitzaldia eskainiko da, Irlandako gatazka eta bake prozesuaz. 12:30ean haurren jokoak izanen dira 14:00etan bazkaria. 17:00etan kalejira eginen da herrian barna. 18:30ean bertsolariak, raperoak, breakdance eta Goienetxe anaiak ariko dira giroa jartzen eta 20:30ean sorpresa ere iragarri dute Malerrekako Gazte Asanbladakoek.
21:30ean, Gazte Eguneko ekitaldirik handiena hasiko da: kontzertuak. Etnia, Sutan, Soñadores Natos y La Reggae Band eta Akatu taldeen musika aditzeko aukera izanen da eta ondotik, gaupasa izanen da Gabezin taldearekin. Malerrekako gazteek gogorarazi dutenez, 21:00etik aitzinera txoznan bokatak izanen dira.