Abizenak euskalduntzeko kanpaina abiatu du UEMAk

Amaia eta Ainhoa 2010ko mai. 19a, 11:28

Abizenak euskal grafiaz idazteko kanpaina abiatu du Udalerri Euskaldunen Mankomunitateak. TTIPI TTAPA

"Guk abizena, eta zuk?" lelopean

"Guk abizena, eta zuk?" lelopean abizenak euskalduntzeko kanpaina paratu du abian UEMA Udalerri Euskaldunen Mankomunitateak. Hala, «bere izanarekin koherente izateko eta abizenak euskalduntzeko» deia egin die euskaldunei. Horretarako egin beharreko urratsak hauek dira: lehenbiziko, erregistro zibilera edo bake epaitegira joan eta abizena euskal grafiaz paratu nahi duzula erran, eta han ematen duten eskaera orria norbere datuekin bete behar da. Agiri hauek eraman behar dira: nortasun agiriaren fotokopia –adinez nagusia ez bazara, gurasoena ere behar da–; hitzez hitzeko jaiotza ziurtagiria –epaitegian eskatu beharrekoa–; errolda agiria –udaletxean eskatu, eta adinez nagusia ez bazara, gurasoena ere behar da–; familia liburuaren fotokopia –ezkonduta bazaude edo seme-alabarik izanez gero–; eta seme-alaben nortasun agiriaren fotokopia –16 urtetik gorako seme-alabak izanez gero–.

Gogoratu, gure eskualdean sei direla UEMAren barne dauden udalerriak: Arantza, Areso, Bera, Etxalar, Goizueta eta Leitza.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun