Laukizko Gaztedi taldeak ezustea eman zuen igande goizean Berriatuan eta Euskadiko lur gaineko sokatira txapelketan, 680 kiloko bigarren jardunaldiak gailendu zen. Laukizkoek bi tiraldiak irabazi zizkioten Goiherri A taldeari, lehen jardunaldiko irabazleari. Mutrikuk, berriz, tiraldi bat irabazi zion Gaztediri eta Goiherri A taldearekin berdindu egin zuen igandeko sailkapenean.
Nafarroako ordezkari bakarra, Areso, laugarren izan zen eta zail jarri zaio kategoria honetan podiumera heltzea. Getxok eta Goiherri Bk itxi zuten sailkapena.
Gauzak honela, maiatzaren 23an Getxoko Fadura errugbi zelaian jokatuko den 680 kiloko azken saioaren esperoan, Gaztedi da sailkapen buruan 11 punturekin eta Goiherri Bk 10,5 puntu ditu. Mutrikuk 8,5 puntu ditu eta Aresok 6. Beraz, Gaztedi eta Goiherri taldearen arteko lehia estua espero da azken saio horretan.
Behin 680 kiloko kategoriako txapelduna erabakita, maiatzaren 29an, 640 kiloko txapelketa abiatuko da Areson.
Harrijasotzaileek asteburu oparoa
Harrijasotzen asteburu oparoa izan da. Aian, igandean jokatu zen emakumezkoen Euskal Herriko txapelketan Idoia Etxeberria oriotarra nagusitu zitzaion Miren Urkiola bizkaitarrari.
Jaialdi berean, Aimar Irigoien errezildarrak bi marka egin zituen. Lehenbizi, 175 kiloko zilindro zaharrarekin aritu zen hiru minututan eta hamar aldiz jaso zuen harria bizkar gainera. Gero, 150 kiloko zilindro zaharrarekin, bortz minutuko txandan 26 jasoaldi eman zituen, gainditzeko marka zaila eginez.
Unai Lertxundi ere aritu zen Aian eta 177 kiloko kubikoari hiru altxaldi eman zizkion, marka pertsonala ezarriz.
Mutrikuko Olatz auzoan, azkenik, 12 urteko Urdax Magunazelaia harrijasotzaile bizkaitarra aritu zen. Erakustaldi bikaina eman zuen eta adin horretan inork egin gabekoa egin zuen: 125 kiloko harria bizkarrean berdindu. Gainera, ez behin bakarrik: bortz minutuko txandan hiru altxaldi egin zituen, nahiz eta azkenekoa usteltzat jo zuten epaileek.
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu eta horretarako baimenak eduki behar dituzu. Sartu komunitatera!