Sunbillak ur-zikinen araztegia izanen du 2011 urte akabailan

TTIPI TTAPA 2010eko maiatzaren 19a

Sunbillako ur araztegiak herriko 626 bizilagunei zerbitzua eskainiko die heldu den urtetik aitzinera. TTIPI TTAPA

1,4 milioi euroko aurrekontua du proiektuak eta irailean hasiko dira egiten

Nafarroako Gobernuak Sunbillako ur zikinen araztegia egiteko lanek ukitzen duten ondasun eta eskubideen okupazioa presazkoa izendatu zuen maiatzaren 17ko batzarrean. Aurkeztutako alegazio bakarra moldatu ondotik, proiektua behin betikoz onartu da eta Sunbillako 626 bizilagunek heldu den urtean izanen dute ur-zikinen araztegia.

Depuradorak ur zikinak bildu eta inolako tratamentu kimikorik gabe tratatuko ditu, 250 metro koadroko azalera hartuko duten ormigoizko hiru putzutan ixuri aitzinetik.

Sunbillak 2011rako izanen du bere araztegia eta Bidasoako erdialdeko bertze herriek (Oronoz, Oieregi, Narbarte eta Legasa) oraindik estudioan dagoen bertze instalazio bat izanen dute. Halaxe aholkatu zuen NILSA erakundeak, 2008an eskualdearen ezaugarriak aztertu ondotik,

Proiektu honen aurkezpena 2009ko martxoan egin zen Sunbillako Herriko Etxean eta udalaren oniritzia izan zuen. Gero, ohiko tramitazioarekin segitu eta lanen lizitazioa ekainean eginen da. Lanak irailean hastea espero du NILSAk eta 14 hilabetez luzatuko omen dira. Proiektuaren aurrekontu osoa 1.408.581 eurokoa da. %20 inguru nafar guziek ordaintzen dugun saneamendu kanonaren bitartez finantzatuko da eta gainerako %80a Nafarroako Gobernuko Toki Administrazio Departamentuak, 2009-2012 Planaren bidez.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun