Nafarroan Euskaraz bizitzeko eskubidea aldarrikatu zuten larunbatean Iruñean milaka lagunek

TTIPI TTAPA 2010eko maiatzaren 18a

Milaka lagunek egin zuten Golem zinemen eta Gaztelu Plazaren arteko ibilbidea. TTIPI TTAPA

Iruñean euskararen alde inoiz egin den manifestaziorik jendetsuena izan dela adierazi zuen Kontseiluak

Milaka eta milaka lagunek aldarrikatu zuten larunbatean Iruñeko karriketan Nafarroan euskaraz bizitzeko eskubidea. Nafarroan euskaraz bizitzeko eskubidea lelopean egin zen protesta saioak errepidearen bi aldeetan bildutako jende andanaren txalo zarten artean ekin zion bideari. Kontseiluak ez zuen zehaztu manifestazioan parte hartu zuen lagun kopuruaren zifra. Hala ere, Iñaki Lasa Kontseiluko Ildo Politiko eta Institutzionaleko arduradunaren arabera, mugarria izanen da: “Nafarroan euskararen alde inoiz egin den manifestaziorik jendetsuena izan da».

Manifestazioaren leloa Nafarroan euskaraz bizitzeko eskubidea zen, eta ehunka lagunek Euskaraz bizi nahi dut zioen kartela harro erakutsi zuten. Festa giroan egin zen manifestazioa, trikitixa, batukada eta joaldunen laguntzaz. Manifestazioa bukatzerakoan, Paul Bilbao Kontseiluko idazkari nagusiaak adierazpena irakurri zuen. «Euskaraz bizi nahi dugu, euskaraz ez bada, ez delako bizitzea guretzat», adierazi zuen Bilbaok. Nafarroako Gobernuaren hizkuntza politikaren eraginez euskaraz ezin dela «duintasunez» bizi salatu zuen. Kontseiluko buruari ezinbertzekotzat iruditzen zaio Nafarroan hizkuntza politika berri bat ezartzea. Bilbaok nabarmendu zuen, politika horrek ikuspegi osoa behar duela izan, «sail artekoa eta sektore artekoa, hizkuntza eskubideak eta erabilera soziala ipar dituena». Bertzalde, gogorarazi zuen derrigorrezkoa dela euskararentzat estatus juridiko egokia lortzea. «Berdintasun printzipioaren kontra doa herritarrei eskubide eta betebehar desberdinak aitortzea», salatu zuen. Euskara berezkoa ez ezik, lehentasunezko bihurtzea helburu garrantzitsuenetakoa da Bilbaoren irudiko. 

Horrez gain, gogora ekarri zuen, hainbat neurri hartu behar direla euskararen normalizazioari bultzada emateko. Bertzeak bertze, belaunaldi berriak osorik euskalduntzea bermatuko duen hezkuntza sistemaren erreforma eskatu zuen, eta alor sozioekonomikoan euskalduntzeko neurri eta proiektu eragingarriak ezartzea ere garrantzitsua dela esan zuen. Horretarako, baliabide bakarra elkarlana dela uste du. Kontseilua lankidetzan aritzeko prest dagoela argitu zuen: «Euskalgintza prest egongo da normalizazioan urratsak egiteko, horretarako gertu daudenekin aritzeko, eta gaurtik ekingo diogu lanari, Euskaraz bai! esanez».

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun