Euskadiko lur gaineko sokatira txapelketako bigarren jardunaldia jokatuko da igandean Berriatuan

TTIPI TTAPA 2010eko maiatzaren 14a

Erandioko Goiherriko tiralariek aurten ere sasoiko daudela erakutsi zuten igandean bere herrian jokatutako lehen jardunaldian. TTIPI TTAPA

680 kiloko kategoriako lehen saioan laugarren izan zen Areso, Nafarroako ordezkari bakarra

Euskadiko lur gaineko sokatira txapelketaren bigarren jardunaldia jokatuko da igande honetan, maiatzaren 16an, Berriatuan (Bizkaia), goizeko 11:00etan hasita.  Joan den igandean Erandio Goikoan jokatu zen lehen jardunaldian bezalaxe, sei talde lehiatuko dira 680 kiloko kategorian: Erandioko Goiherri A eta B, Laukizko Gaztedi, Getxo, Mutriku eta Nafarroako ordezkari bakarra, Areso. Goiherri A taldeak irabazi zituen saioko tiraldiak, eta aurten ere, txapelaren bide egokitik jarraitzeko adinako ahalmena erakutsi zuen. Edonola ere, podiuma osatzeko lehia ikusteko modukoa gertatuko da. Gaztedi bigarren izan zen, Mutriku hirugarren, Areso laugarren, Getxo bosgarren eta Goiherri B seigarren.

680 kiloko kategorian, 640koan eta 600koan ere lehiatuko da Areso.

 

Emakumezkoen harrijasotze txapelketa

Bertze aldetik, emakumezkoen Euskadiko harri-jasotze txapelketa ere igandean jokatuko da, 17:30ean Aian. 2008an Maria Jose Sardon nagusitu zen eta iaz ere jokatzekoa zen, baina txapelketa jokatu aitzinetik apendize ebakuntza egin zioten Idoia Etxeberriari eta soilik Miren Urkiola zegoenez jokatzeko moduan, ez zen txapelketarik izan.

Aurtengoan, Miren Urkiola (Bolibar, Bizkaia) eta Idoia Etxeberria (Orio, Gipuzkoa) lehiatuko dira txapelaren bila. Harri-jasotzaile bakoizak hiru harri erabiliko ditu, 88 kiloko zilindro zaharar, 70 kiloko kuboa eta 63 kiloko bola. Harri bakoitzarekin hiru minutuko txanda bana eginen dute. Euskadiko emakumezkoen txapelketaz gain, bertze bi harri-jasotzaile ere ariko dira Aiako igande arratsaldeko saioan, Aimar Irigoien errezildarra eta Unai Lertxundi aiarra.

 

 

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun