Karmeldarren 50. urteurrena ospatzeko ekitaldiak antolatu dituzte asteburu honetan Donamarian

TTIPI TTAPA 2010eko maiatzaren 14a

1960ko apirilaren 20an sartu ziren karmeldarrak Donamariako komentuan. Mendi erdia ospatzeko, larunbat arratsaldean kontzertua eskainiko dute Josep Sancho klarinete jole kataluniarrak eta Gorka Hermos

Larunbatean kontzertu berezia izanen da eta igandean herri bazkaria

1960. urteko apirilaren 20a zen. Egun hartan etorri ziren karmeldarrak Donamariko jauregira, elizatik prozesioan. 1945etik Karmeldarren komunitatea Hondarribian (Gipuzkoa) zegoen, baina bokazio haundia zela eta, Hondarribian zituzten bi etxeak ttiki gelditu eta Donamarian gaur egun duten jauregia erosi zuten. Erraten denez, Ameriketara joan, han dirua egin eta herrira bueltatu zen batek eraiki omen zuen gaur egun komentua dena. Eta salgai paratu zuenean karmeldarrek erosi zuten. Geroztik herrian daude. Orduan 23 moja sartu ziren eta gaur egun 18 dira, Olatz Garmendia Ama Nagusiak aipatu digunez.

 

Tangosophy kontzertu berezia larunbatean

Beraz, 50 urte bete dituzte karmeldarrek Donamarira etorri zirela. Eta urteurren horren harira, ekitaldiak antolatu dituzte maiatzaren 15 eta 16rako, larunbat eta iganderako.

Maiatzaren 15ean, San Isidro Egunean, 19:30ean akordeoi eta klarinete kontzertu berezia antolatu du Donamariako Udalak komentuko elizan, Josep Sancho klarinete jolearen eta Gorka Hermosa Urretxuko akordeolariaren eskutik. “Tangosophy” izeneko errepertorioa eskainiko dute. “Tangosophy” Piazzollaren Tango filosofian oinarriturik, jazz-a, musika herrikoia eta musika klasikoa fusionatzen dituen errepertorioa da. Bi musikariekk erritmo herrikoi desberdinak “Piazzollizatzen” dituzte: buleria flamenkoa, fandango euskalduna, Nafarroako jota…

 

 

Herri bazkaria igandean

Igandean, berriz, hilak 16, 12:30ean meza izanen da eta ondotik bazkaria komentuko baratzean. Joan nahi dutenek etxetik jatekoa ere eraman dezakete.

Gaur egun komentuan dauden 18 mojen izenean, Olatz Garmendiak ekitaldietan parte hartzeko gonbitea luzatu dio inguruko jendeari, baina bereziki herritarrei.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun